Enrike Sosola
Enrike Sosola

"Zuhaitzik ez denean, agian, basoa ikusiko dugu"

2019/02/18
Zuhaitz asko dugu Eibarren. Aitzitik, ez dugu ganorazko baso edo oihanik. Pinu-landaketek garai bateko pagadi, harizti, haltzadi, amezti, urkidi, lizardi, gaztainadiak ordezkatu dituzte. Baina pinudia arboladia da, ez basoa.

Izan ere, basoa sistema bat da, elkarrekintzan dauden elementu askoren multzoa. Alde batetik, adin desberdinetako zuhaitzak daude basoan: erne berriak, gazteak, zaharrak eta hilak. Bestetik, bioaniztasun handia dago. Landare, onddo eta animalia espezie ugari bizi da bertan. Euren arteko elkarlanari esker basoak zura eta lur emankorra ekoizten ditu bere burua betikotzeko. Atsedenik hartzen ez duen lur-eta zur-faktoria itzela da oihana.

Pinuaren monolaborantzak ez du lur emankorrik sortzen. Guztiz kontrakoa, lurreko aberastasuna irentsi egiten du. Horrela, pinuak ez du gure lurrarekin eman-hartu harremanik izan. Hartu egin du, baina ez du eman. Hamarkada gutxiren ondoren, lurreko elikagairik gabe gelditu eta ahuldu egin da, makaldu, eta bere etsai naturalek aukera probestu dute erasotzeko.

Egurrari ez diogu kalitatetik eskatu, papera egiteko erabili dugu eta prezioak behera egin du. Ez dugu zuhaiztia zaindu eta gaixotu egin zaigu. Ehundaka urtetan, aurreko baso zaharrek sortu zuten emankortasun-altxorra agortu denean, pinua gosetu eta gaixotu egin da. Pinu-arboladirik gabe geldituko gara urte gutxitan. Agian, orduantxe, zuhaitzik ez denean ikusiko dugu basoa.

Urtarrilean Arrate Kultur Elkarteak hitzaldi interesgarria antolatu zuen. Bertan, “Kolore Askotako Basoaren” mugimenduko kide batek bidegurutzean gaudela aipatu zigun. Zirt edo zart. Euren proposamena azaldu ziguten: Naturatik Hurbileko Basogintza. Europako hainbat herrialdeen ildoari jarraituz, basoaren kudeaketa horrek hamaika onura ekarriko lizkiguke gure egingo bagenu, besteak beste: kalitatezko zura eraikuntzarako, energia sortzeko biomasa, aisialdirako natur-guneak, CO2-aren kontrola, uraren emaria, uholde- eta sute-arriskuak ekiditea, kalitatezko lanpostuak...

Gogoan hartu: “Kolore Guztietako Basoa”.