Jaione Yeregi
Jaione Yeregi

"Zukuak eta smoothie-ak"

2021/05/17
Udaberri  betean eta udara bideratzen gauden une honetan, ezinbestekoak ditugu fruta eta berdurak. Elikagai horietan aberatsa den elikadura batek abantaila asko dauzka osasunarentzat. Gaixotasun kroniko asko izateko arriskua murrizten dute. Beraz, elikadura orekatu baten zatirik garrantzitsuena elikagai horiek osatu behar dute.

Gibela da gure gorputzeko filtroa eta, beraz, ematen diogunaren arabera asebetetzera hel daiteke. Hori dela eta, ezinbestekoa dugu toxina gehien dituzten elikagaiak ekiditea edo neurrian hartzea eta gorputza garbitzen dizkiguten elikagaiak jatea. Horrela gure gorputzak gainezka egitea ekidingo dugu eta energia gehiago izango dugu. Gure kanpo itxura ere askoz hobea izango da.

Bitamina eta mineraletan aberatsak izateaz gain, frutek eta berdurek zuntzak eskaintzen dizkigute. Behar horiek asetzeko OMEk egunean 400gr edo 5 portzio fruta eta berdura jatea gomendatzen digu. Fruta eta berdurez gain lekadun eta fruta lehorrek ere zuntzak eskaintzen dizkigute, besteak beste.

Smoothie-ak eta zukuak laguntza ona dira eguneko portzio horiek erraz bete edo osatu ahal izateko. Eguneko portzio bat edota bi osa ditzakegu smoothie eta zukuekin. Smoothie-a fruta edo berdura freskoak, izotzarekin edo ez, edari begetalekin… nahastuz eta birrinduz osatzen dugun edari begetala da. Zukua fruta edo berdura freskoa prentsatuz lortzen dugun edaria da. Mami eta zuntz gabea. Zukua zein smoothie-a hartzea erabakitzen dugunean horiek prestatzerakoan oso garrantzitsua da fruta eta berdura freskoak erabiltzea. Industrializatutako zukuak hartzen baditugu, beharrezkoak ditugun mantenugaiak ez ditugu osatuko eta gure gorputzean sartuko dugun azukre kopuruak ez digu inongo abantailarik eskainiko.

Smoothie bat prestatzeko unean, nik oinarrizko elikagai hauek erabiltzen ditut beti: ahuakatea (Omega oliotan aberatsa): aloe vera (digestio-aparatuaren laguntzailea); itsasoko ura (gorputzeko ph-a orekatzen laguntzeko, alkalinizantea); umeboshia (alkalinizante garbitzailea).

Bestalde, madaria oso ona da birikentzat; anana digestio-aparatuarentzat; fruitu gorriak zirkulazio- eta gernu-aparatuarentzat. Berdea (perrexila, apioa, kanonigoak…  eta Spiulina eta detox fitonutrienteak, desintoxikatzeko, garbitzeko).