Izarraitzera irteera martxoaren 25ean

Izarraitzera irteera martxoaren 25ean
2017/03/13 11:25
eta kitto!
AEKrekin elkarlanean eta KORRIKA KULTURALAREN barruan ondorengo ekimena antolatu dugu.

Animatu eta apuntatu, interesgarria izango da eta!!!!

IZARRAITZ, HARRIA ETA URA
(Inma Mugerza Perelló geologa)

SARRERA
Karst-­ak Euskal Kostaldeko Geoparkearen azaleraren %30a inguru osatzen du. Balio arkeologiko handiko guneak gordetzeaz gain, Gipuzkoako akuifero garrantzitsuenetako bat osatzen du, Izarraitz akuifero horren zatirik handiena izanik. Izarraitzek bere baitan gordetzen dituen lur azpiko urek, Deba, Mutriku, Mendaro eta Elgoibar hornitzen dituzte. Karstaren ezaugarriek ekosistema berezien garapena baldintzatzen dute, koba eta leizeetako ezaugarri bereziei egokitu diren animalia- eta ladaretza-espezie ezberdinekin. Karstak babes berezia eskatzen du, hala ere, nekez zaindu eta babestu daiteke ezagutzen ez den zerbait. Txango honek, Izarraitz mendizerraren berezitasunak ikusten eta ulertzen lagunduko digu. Hemendik aurrera, guretzat Izarraitz ez da berdina izango.

ZER IKUSIKO DUGUN
Geldiune desberdinak egingo ditugu, modu integral batean ingurune karstikoak batzen dituen ezaugarriak hizkuntza xume eta ulergarrian azalduz. Ulermena errazteko irudiak eta eskemak erabiliko dira. Ikusiko ditugun gauzen artean:
- Kareharrizko mendiaren sorrera:
- Koralez osatutako arrezife zaharrak.
- Karst-a zer den eta nola bilakatzen den, ezaugarri nagusiak (leizeak, dolinak, lapiaza...)
- Lur azpiko urak eta iturriak.
- Sesiarteko toles-a, Pirinioen sorreraren adierazle.
- Gizakiak ingurunea nola moldatu duen.
- Elurzuloa.
- Eta abar.

IBILBIDEA
- Topagunea: Aittolako Gurutzearen alboko (GI3210 errepidean) aparkalekua.
- Aparkalekua – Urruzolako txabola – Leizerdiko putzua e txabola – Izkiturria – Asketako lepoa – Erlo (1.026 m) – Asketako aldapa – Potzuaundiko elurzuloa – Xoxoteko aterpea.
- Iraupena: 2,5 ordu (azalpenak barne).
- Desnibela: 405 m
- Zailtasuna: erraza.