Koldo Zuazok euskalkiak.eus aurkeztu du

Koldo Zuazok euskalkiak.eus aurkeztu du
2016/02/04 eta kitto!
Koldo Zuazo hizkuntzalari eibartarrak urteak eta urteak daramatza euskara eta euskalkiak ikertzen eta orain bere lanaren emaitza interneten, www.euskalkiak.eus sortu berrian ikus dezakegu. Gaur arratsaldean aurkeztu dute webgunea, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Zuazok euskara egoera berrietara moldatzeko beharra ikusi arren, kezkatuta dago euskalkiak galtzen ari direlako eta hori aldatzeko nahiak bultzatu du beste bost lagunekin batera webgunea sortzera.Euskalkiak, euskara batua, literatura eta tokiko batuak, eta ikus-entzunezkoak bildu dituzte atarian eta proiektuaren egileek azken atal horren garrantzia azpimarratu dute, "besteak beste hiztun ezberdinekin egindako elkarrizketak hor jaso ditugulako". Zuazok dioenez, "gehienbat, ahozko euskararen aldarri bat egin nahi dugu, euskalkiaren egoera nahiko txarra dela ikusten dugulako eta inork ez duelako horren alde ezer egiten. Eta euskalkia galtzean euskara bera galtzen da".