Memoria ez da atzo, etorkizuna baino

Memoria ez da atzo, etorkizuna baino
2015/12/18 eta kitto!
Aurreko astean jaso zuen Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak 2015eko René Cassin saria. Lakuako gobernuko Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkaritza nagusiak emandako sariak plataforma horrek, justizia unibertsalaren defentsaren esparruan, “egiaren eta justiziaren bilaketan egiten duen lan indibidual eta kolektiboa” errekonozitzen du horrela. Abenduaren 10ean Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik jasotako sariaren ondoren, auzibidea gerturatzea izango da plataformaren hurrengo erronka. Horretarako, 2016an banakako kereilak jartzen hasiko dira biktimak, krimenak gertatu ziren lekuetako epaitegietan. Josu Ibargutxi eibartarra ekimen horretako lehen lerroan dugu, Goldatu elkartean lehenengo eta plataforman orain.

– Zer esanahi du sari horrek zuentzako? Zelan joan zen ekitaldia?
Oso positibotzat jotzen dugu instituzioak atzetik izatea eta, batez ere, erabaki hori ahobatez hartu zutela. Ezus-tekoa ere izan da guretzat eta, aldi berean, lau urteko lanaren errekonozimendua. Ekitaldia ondo egon zen, Urkullu lehendakariak presoen dispertsioaren inpunitatea salatzen zuenari atentzioa deitzeak hainbat komunikabidek mezua desbideratzeko erabili izan badute ere.
Bestalde, askok euren memoriari eutsi nahi ez diotenean, oso garrantzitsua da horrelako sari bat. Jende ausartarekin egin dugu bidea. Kereila hau ez da indibiduala: batez ere, gure historia baten aurka doa, erregimen bateko zitalkeriaren aurka. Milaka biktima badaude ere, orain ehundaka inplikatu ditugu borroka honetan. Ehu-neko laurdena izango dira Euskal Herrikoak eta 500 bat estatu osoan.

– Bost urte eta erdi dira kereila abiatu zenutenetik. Nola hasi zineten?
Plataforma honi 2012ko udaberrian ekin genion, Gal-datuko bi kide -Sabin Arana eta ni neu- Madrilgo La Co-muna preso eta exiliatuen taldeko beste birekin -Manolo Blanco Chivite eta Jose Mª “Chato” Galante- batera. 2010ean Argentinako hiru lagun, Espainian eraildako ondorengoek, kereila jarri zuten. Fiskalak Madrilgo gobernuari galdegin zion, ea hemen zer erantzuten zuten. Helegitea zabaldu egin zen eta 2011n Argentinako bi abokatu etorri ziren hona. Baltasar Garzonek ere hartu zuen parte eta horren ondorio dira, esaterako, Scilingoren eta halakoen kondena.

– Zeintzuk dira zuen hurrengo erronkak, batez ere epe motzari begiratuta?
2016rako hiru mailatan kokatuko nituzke gure helburuak. Alde batetik, erregu edo exhorto kanpaina egongo litzateke. Urrian egin ziren lehen deklarazioak hemen eta estatura zabalduko ditugu erregu guzti horiek, eta Servini Argentinako epailearen galderei erantzun beharko diete, obligazioa baitute jaso eta hara bidaltzeko. Deklara-zio horiek oso garrantzitsuak dira, baten barne hustea dakartzate-eta askotan. Gakoa dago Argentinan hasitako bidea honuntza bideratzean eta hemengo judikatura horretan inplikatzea.
Bigarren maila batean, Servinik botatako bi inputazio-auto daude, Madrilgo gobernuak horko extradizio eskaerak ukatu baditu ere. Dozena erdi ministro izandakoak, epaileak, poliziak... 19 lagun daude hor. Europako Parla-mentuan deklarazioa hartzera etorriko direla esan du.
Eta hirugarren mailan, Eus-kal Herriko hainbat udaletan, lau hiriburuak tartean, onartutako kereilaren aldeko mozioak ditugu. Horrela gehiengo zabala eskuratuko genuke gure alde. Buenos Airesera egindako hirugarren bidaian, Eusko Legebiltzarreko hiru ordezkarik lagundu ziguten babesa emateko.

– Espainian gertatutakoa zertan da desberdina beste herrialde batzuetako gehiegikeriekin alderatuta?
Herrialde askotan izan dira halakoak -hor daude Israel, Meroko, Grezia-, baina hemengo kasuan disimulatzen ere ez dira ahalegindu. Estatu bakarrenetakoa izango da espainiarra Nazio Batasunaren gomendioei horrela paso egiten. Eta, argi dago, bakarra munduan diktaduratik demokraziara pasatzeko bartulo guztiekin. Gu kartzelatik ateratzeko Aministiaren Legea saldu bazuten ere, herri-mobilizazioek atera zizkiguten guri; Amnistiaren Legea beste batzuen mesederako egina dago, euren gehiegikeriengatik ez erantzuteko.

– Zer moduz Argentinako Maiatzako Plazako ama eta amamekin izandako harremana?
Haiena bai kuraia. Eurak entzutea bakarrik hunkigarria da. Kristona pasatu duten arren, zelan erantzun duten ikusita, enblema izaten jarraitzen dute. Eta hainbat seme-alaba errekuperatzea lortu dute, urte askotako borrokari eutsiz. Ondo ulertzen diogu elkarri.

– Gaia nazioartekotzea derrigorrezko neurria izan dela ikusita, itxaropentsu begiratzen diozu etorkizunari?
Bilatzen dugun gauza bakarra da egia guztia kaleratzea eta, horren ondoren, epaitu eta kondenatzea. Borondate politiko eza da hemen arazoa. Denbora aurrera doa eta erantzule asko ere hil da. Baina badugu itxaropena gauzak egin daitezkeela. Beti ere, mendekuaren bidea baztertuta, hori delako gizakiaren alde txarrenetakoa.

– Bidaiatu ere, inoiz baino gehiago bidaiatuko zenuen...
Hirutan izan naiz Buenos Airesen, Bruselan beste hirutan, Ginebran... Euskal Herrian eta estatuan ere geratu barik gabiltza. Esaterako, bihar Tolosara noa Muñecas guardia zibilaren eskutik pasatutako dozena erdiren lekukotasuna jasotzera.

– Badakigu ez zarela eibartar bakarra borroka horretan euren testigantza eskaintzen...
Guk pasatutakoaren antzerakoa pasatu dutenak badira, gauza batengatik edo bestearengatik, lekukotasuna eskaintzeari erreparoak ipintzen diotenak. Animatu nahi genituzke aurrerapauso hori ematera, memoria barik herri batek ez duelako etorkizunik. Askotan memoria astintzea gogorra bada ere, horrek mesede egiten dio gizarteari.

– René Cassin saria jasota, bidaia luzea duzue aurrean oraindik...
Hau ez da berehala amaituko, hori badakigu. Baina aurrerapausoak egin ditugu. Iruñea, Bartzelona eta Zaragozako Udalek, esaterako, onartu dute kereilatzaile gisa aurkeztea. Bestalde, alderdi politiko guztiei igorri diegu gutuna, inpunitatearen aurkako jarrera eskatzeko: hor Aministiaren Legea deuseztatzea, Nazio Batuen aginduak eta gomendioak betetzea, 1936tik eratutako tribunal frankisten sententziak deuseztatzea... eskatzen dugu.