Udalak bi dolu-egun izendatu ditu Alcobendasen atzo izandako hilketen harira eta biharko elkarretaratzea deitu du

Udalak bi dolu-egun izendatu ditu Alcobendasen atzo izandako hilketen harira eta biharko elkarretaratzea deitu du
2017/05/03 10:45
eta kitto!
Miguel de los Toyos alkateak komunikabideentzat agerraldia egin du gaur eguerdian Untzagan, atzo Alcobendasen (Madril) jazotako hilketen harira, Eibarko Udalak, Bozeramaileen Batzordearen bitartez, aho batez hartu dituen erabakien berri emateko: “Lehenik eta behin, Rakel López Airas eta bere semearen hilketa erabat gaitzetsi nahi dugu. Tamalez, genero indarkeria egoera baten biktima ziren. Horrekin batera eibartarrei dei egiten diegu, bihar, hilak 4, 20:00etan, udaletxearen aurrean elkarretaratzea egiteko. 5 minutuz elkartuko gara atzoko hilketak gaitzesteko. Horrekin batera bi dolu-egun izendatuko ditugu eta udaletxeko banderak makila erdian egongo dira. Erabateko elkartasuna adierazi nahi diogu Rakel López Airas eta bere semearen familiari. Udala guztiz prest dago orain izan ditzaketen premiak asetzen laguntzeko, eta, hala erabakiko balute, auzibidean akusazio partikular gisa azaltzeko. Era berean, eibartarrekin bat egiten dugu eta herritar guztiak animatu nahi ditugu Eibarko elkarteek deitutako edozein mobilizaziotan parte hartzera”.