09.00etan irtengo dira Gure Esku Dago-ren gizakaterako autobusak Untzagatik

09.00etan irtengo dira Gure Esku Dago-ren gizakaterako autobusak Untzagatik
2014/06/05 00:00
eta kitto!

Domekan Gure Esku Dago herri ekimenak deituta erabakitzeko eskubidearen aldeko gizakatea egingo da Iruñea eta Durango bitartean. Eibartarrok 31. kilometroa daukagu, Bergara aldean eta bertaraino joateko autobusak antolatu dituzte: goizeko 09.00etatik 10.00etara, bete ahala Untzagatik (jubilatuen aldetik) irtetzen joango dira, baina antolatzaileek 09.00etarako joatea gomendatu dute, lehenbailehen irtetzeko. Bueltarako autobusak, berriz, 14.00etan eta 19.00etan irtengo dira. Eguerdian osatuko den gizakatearen harira, Bergaran egun osorako programa prestatu dute, gune bitan banatuta (egitaraua eta bestelakoak gureeskudago.net/eu helbidean topatuko dituzue). Katea ahalik eta egokien antolatzeko hainbat aholku eman dituzte Gure Esku Dago / San Blas Zati Bat taldekoek: ahal dela automobilik ez erabili (aparkatzeko gune bi besterik ez da egongo eta Eibarkoek daukagun kilometrotik nahiko urruti, gainera). Gure Esku Dago ekimeneko kamiseta, zapia… jantzi eta antolatzaileek esaten dutenari kasu egin. Bestalde, Info7 eta Arrosa Sareko irratiek saio berezia egingo dute 10.00etatik 14.00etara. Estudio nagusia Iruñean jarriko dute eta telefonoa erabilita herritarrei berba emango diote. Arrasate-Bergara inguruan FM-ko 106.1/107.7 frekuentzietan entzungo da eta, bestela, internet bidez edonon entzuteko aukera egongo da.