1.080 euroko gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan eskatzeko manifestazioa egingo da zapatuan
2023/07/03
17:03
eta kitto!
Zapaturako, uztailaren 8rako manifestazioa deitu du Eibarko Pentsionisten Taldeak, 12:00etan Untzagatik, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa, 14 ordainsaritan ordaintzekoa izan dadila eskatzeko. Salatzen dutenez, “pentsiodunok, bizitza osoa lanean eman ondoren, ikusten ari gara gure pentsioak erreformaz erreforma murrizten ari direla, eta horren ondorioz gero eta zailagoa da bizi-maila duina bermatzea, are gehiago emakume erretiratuen kasuan, horien batez besteko pentsioak gizonenak baino %36 txikiagoak baitira. Euskadiko Autonomia Erkidegoan 167.943 pentsionista ari dira 1.080 euro baino gutxiago kobratzen, eta horrek bereziki emakumeengan du eragina”.
Gauzak horrela, Eibarko Pentsionisten Taldetik eibartarrei gonbidapena luzatu dute “manifestazioan Eibarko pentsionisten zapia zein 1080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen duen txaleko berdea” eramateko.