1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzeko manifestazioa egingo da bihar 12:00etan
2023/07/07
18:08
eta kitto!
Eibarko Pentsionisten Taldeak deituta, bihar (zapatua, uztailak 8) manifestazioa egingo da, 12:00etan Untzagatik abiatuta, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa eta 14 ordainsaritan ordaintzekoa izan dadila eskatzeko. Eibarko Pentsionisten Taldetik eibartarrei gonbidapena luzatu diete “manifestazioan Eibarko pentsionisten zapia zein 1080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen duen txaleko berdea” eramateko.
Salatzen dutenez, “pentsiodunok, bizitza osoa lanean eman ondoren, ikusten ari gara gure pentsioak erreformaz erreforma murrizten ari direla, eta horren ondorioz gero eta zailagoa da bizi-maila duina bermatzea, are gehiago emakume erretiratuen kasuan, horien batez besteko pentsioak gizonenak baino %36 txikiagoak baitira. Euskadiko Autonomia Erkidegoan 167.943 pentsionista ari dira 1.080 euro baino gutxiago kobratzen, eta horrek bereziki emakumeengan du eragina”.