1. Nazional Mailako Mek Eibar Eskubaloiak Ereintza hartuko du zapatuan Ipuruan
Fernando Fernandezen taldea azken asteotako martxa onari eusteko asmoz kantxaratuko da zapatuan, 18:30etik Ipurua kiroldegian Ereintza aurkari duela jokatu beharreko partiduan. Errenteriako taldea ez da aurkari erraza izango eibartarrentzat, azken lau jardunaldietan Zaragoza bigarren sailkatuarekin gol bakarrarengatik galdu, laugarren eta bosgarren dauden Romo eta Hondarribiari irabazi eta seigarren dagoen Uharterekin berdindu egin baitu. Ereintzak jokalari gazteak sartu ditu taldean, beteranoei laguntzeko, eta Mek Eibar Eskubaloiak zaletuen bultzada beharko du neurketa aurrera ateratzeko.
Ohorezko Zilarrezko mailako taldeak, bestalde, ordu eta erdi geroago jokatuko du berea, Kukullagari bisita eginez Etxebarrin. Joanekoan oso partidu lehiatua eskaini zuten talde biek Ipuruan, hain lehiatua berdinketarekin amaitu zela. Norgehiagoka aurrera ateratzeko, beraz, lan serioa egin beharko dute Andoni Perezen neskek, defentsan bezala erasoan ere asmatzeko helburua gauzatzea lortzen badute. Esan bezala, partidua 20:00etan hasiko da.