11 korrikalarik burutu zuten Eibar100 Trail Erronkako 100 kilometroak

Partaideek aurreikusitako denboran bete zuten ibilbidea
11 korrikalarik burutu zuten Eibar100 Trail Erronkako 100 kilometroak
2024/05/21 11:36
eta kitto!

Eibar100 Trail Erronkako 1. etapa ostiral gaueko 10etan sirimiriarekin hasi bazen ere, korrikalariak ez zituen kokildu. Lehen etapan izena emandako 45 korrikalariek 15 km eta 714 metroko igoera metatua gainditu zuten, Galdaramiño eta Topinburu tontorretan taldeko argazkiak atera ondoren Deporrera bueltatzeko. Hasieran eguraldiak ez bazuen lagundu, atertu eta gau ederra geratu zen. Astean zehar egindako euriaren ondorioz lurzorua lokaztuta zegon eta jaitsieretan kontu handiz ibili behar izan ziren. Etapa guztia partaide denak elkarrekin eta aurreikusitako denboran betetzea lortu zuten goizaldeko 1erako Deporrera iritsiz.

Goizaldeko 1:15etan bigarren etapa abiatu zuten 25 korrikalarik, 6 etapetatik luzeena 18,3 km eta 700 metroko goranzko desnibelarekin, Egoarbitzako gaina egiñez. Egoarbitzako igoera Aixolako presatik gogorra egin bazen ere, lepotik tontorrerako igoera eta tontorretik leporako jaitsiera oso irristakorra zegoen eta kontu handiz burutu behar izan zuten ezbeharrak ekiditeko. Behin hori gaindituta, Eibar arteko jaitsiera taldean korrika lasaian egin zuten gauaz gozatuz 5etarako Deporrera iristeko.

3. etapa 5etan hasi zen 40 korrikalarirekin, aurretik 16,16km eta 785 metroko igoera metatua, eta Aizketa eta Kalamuako tontorrak zituztela. Etapa ederrenetakoa izan zen, egunsentiak korrikalariak Aizketa eta Kalamua tontorrean harrapatu baitzituen. Partaideak bikain aritu ziren, aurreikusitako denbora hobetu zuten eta 8:00etarako bueltan egon ziren.

Erronka guztia egiteko asmoa zuten korrikalariek erdia eginda zuten, psikologikoki gogorrena izaten den gaua gaindituta eta kilometroen atzera kontaketa martxan ipinita. 8:30etan 4. etapa abiatu zen, guztira 45 korrikalarirekin. Etaparik xamurrenetakoa izan zen, Illordo eta Azkonabitza tontorrak egiteko 17,7km eta 716 metroko igoerarekin. Giro ona eta ibilbidea lagun partehartzaileek gustura bukatu zuten, eguerdiko 12ak baino lehen Deporreko egoitzara iritsiz.

5. etapa, aurreikuspenen arabera gogorrena, ia 1000 metroko igoera metatuarekin, parte hartu zuten 25 korrikalariak baieztatu ahal izan zuten. Batez ere 100 kilometroak egiteko asmoa zuten korrikalariek iadanik 70 km gaindituta zituzten eta igoeraren gogortasunak eta eguerdiko beroak etaparik gogorrena izatea eragin zuten. Isuatik Urkora igoera bereziki gogorra egin zitzaien, baina korrikalariek bazekiten behin Urko gaindituta erronka poltsikoan zutela. Urkon argazkia atera eta Eibar arte poliki-poliki jaitsi ziren azken etaparako indarrak gordez.

6.etaparako euria iragarrita zegoen, eta pronostikoa bete zen. Azken etapa arratsaldeko 15:45etan hasi zuten 30 korrikalarik euripean, ia 18 km eta 800 metroko igoeran Akondia eta Garagotxi eginez. Ostiraleko gaueko 10etatik mendian gora eta behera zebiltzanen indarrak justu xamar egon arren, giro petrala ez zen oztopo izan erronkako azken bi mendiak egiteko. Nahiz eta Garagoitxitik Eibar arteko buelta luze egin, taldearen laguntzarekin larunbateko arratsaldeko 19:20an Toribio Etxerriako Klub Deportiboko egoitzara iritsi ziren.

Guztira 100 pertsona inguruk parte hartu zuten etaparen batean edo batzuetan. 11 korrikalarik Eibar100 Trail Erronkako 100 kilometroak eta 4.700 goranzko metatuak 21 ordu pasatxoan burutu zuten. Azpimarragarria izan zen partehartzaileen artean sortutako giro ederra, asko eskertu zutelarik antolakuntzaren lana mota honetako froga aurrera eramateko egindako lanagatik eta horrelako esperientzia bat bizitzeko aukera eskaintzeagatik. Antolakuntzaren partetik eskerrak eman nahi dizkiete erronka posible egin zuten guztiei, baina bereziki partehartzaile guztiei, jarrera ezinhobea izan zutelako.