110 txirrindulari gaur hasi eta etzi amaituko den Itzulia Women lasterketan
Txirrindulari proben antolatzailea den OCETA Eibarko enpresak, aurretik gizonezkoen Itzuliarekin egin bezala, oraingoan emakumezkoen munduko txirrindulari onenak gerturatuko dizkigu Itzulia Women lasterketan. Guztira 19 talde eta 110 txirrindulari izango dira irteeran, talde bakoitzetik sei lagun. Demi Vollering iazko edizioko irabazlea eta Marlen Reusser 2023ko garailea hor izango dira.
Gaur hasi eta domekan amaituko da 2025eko Itzulia. Etapa guztiak zuzenean ikusi ahalko dira eitb.eus-en eta ETB1en, 12:00etatik aurrera. Edizio hau orain arteko zailena eta menditsuena izango da eta, guztira, 337 kilometrotan ia 6.000 metroko desnibel positiboa gaindituko dute. Zumarraga-Agurain, Ugao-Igorre eta Donostia-Donostia izango dira jokatuko diren hiru etapak. Hamar mendate igo beharko dituzte parte-hartzaileek; horietako bat, Jaizkibel, lehenengo mailakoa izango da, beste hiru bigarren mailakoak, eta hirugarren mailako sei.