12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzako orientazio-zerbitzu berria jarri du martxan Udalak
Eibarko Udalak DBHko 12 eta 16 urte bitarteko ikasleei laguntzeko proiektu berria jarri du martxan. 'Orientazio Integrala Eibarren' izeneko proiektu pilotuaren helburua da ikasleen garapen akademiko, pertsonal eta soziala babestea eta hezkuntzari zein etorkizun profesionalari lotutako erabakiak hartzen laguntzea. Udalak bultzatutako programa da, eta zerbitzua doakoa izango da parte-hartzaileentzat.
Proiektuak hiru ibilbide izango ditu, ikasleen mailaren arabera. Lehenengoa DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduta dago, eta oinarri sozioemozionala eta norberaren ezagutza lantzea izango du helburu. Bigarrena DBHko 3. mailakoentzat izango da, eta gaitasunak eta bokazio-orientazioa landuko ditu. Hirugarrena, berriz, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta egongo da, Batxilergoaren, Lanbide Heziketaren edo bestelako bideen artean aukeratzen laguntzeko.
Ibilbide bakoitzean orientazio akademikoa eta profesionala, eta jarreren inguruko orientazioa landuko dira, hainbat jardueraren bidez: talde-tailerrak, banakako laguntza, prestakuntza-zentroetara eta eskualdeko enpresetara bisitak eta testigantzak jasotzen dituzten hitzaldi motibagarriak.
Familiek ere parte hartu ahal izango dute prozesuan. Horretarako, saio paraleloak egingo dituzte, seme-alabei laguntzeko tresnak jaso eta lantzeko.
Taldeak gutxienez 8-10 lagunek eta gehienez 25ek osatuko dituzte. Jarduerak 2026ko urritik 2027ko maiatzera bitartean egingo dira: hirugarren ibilbidea urrian hasiko da, bigarrena azaroan eta lehenengoa 2027ko urtarrilean. Saioak nagusiki euskaraz egingo dira, parte-hartzaileen hizkuntza-beharretara egokituta. Era berean, genero-estereotiporik gabeko bokazio-orientazioa sustatuko da.
Jon Iraola alkatearen esanetan, gazteei nerabezaroa bezalako garai garrantzitsu batean laguntzea erakundeen ardura ere bada: «Beren etorkizunari buruzko erabakiak informazio, tresna eta konfiantza gehiagorekin hartu ahal izatea nahi dugu, haien gaitasunak eta eskura dituzten aukera guztiak ezagututa».
Iraolak azpimarratu duenez, «orientazioa ez da ikasketei buruz hitz egitera mugatu behar; gazteak gure inguruko prestakuntza-zentroetara eta enpresetara hurbiltzea ere bada». Horrez gain, prozesu horretan familien parte-hartzea garrantzitsua dela nabarmendu du.
Izen-emate epea urriaren 1ean ireki da. Izena PEGORAn, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan (Untzaga plaza 1, beheko solairua), edo udalaren webgunearen bidez eman daiteke. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digitala behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.).