No al paseo que nos entierra-Ekialdea Bai Auzo Elkarteak erakusketa egingo du asteburuan Ipuruako Merkatu Plazan

No al paseo que nos entierra-Ekialdea Bai Auzo Elkarteak erakusketa egingo du asteburuan Ipuruako Merkatu Plazan
2023/03/21 19:23
eta kitto!
No al paseo que nos entierra-Ekialdea Bai Auzo Elkarteak erakusketa antolatu du asteburu honetarako Ipuruako Merkatu Plazan.  Elkartetik adierazi digutenez,  "gure helburu nagusia Auzo Elkarteak trenbidea estaltzeko proiektu horren inguruan duen ikuspuntua ezagutaraztea da".

Elkarteak egiten duen hirugarren erakusketa da: lehenengoa 2021eko martxoan egin zuten, Kultun. Bigarrena Untzagako Jubilatuen Etxean izan zen, eta orain hirugarren hau prestatu dute Ipuruan. Ostiralean (martxoak 24) 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; zapatuan (martxoak 25) 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta domekan (martxoak 26)  11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.


Bestalde, elkartetik jakinarazi dutenez  Europar Batasuneko Batzorde batek proiektu hori berrikusi egingo du, "Eibarko Auzo Elkartetik jasotako kexen ondorioz Next Generation funtsak jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak agian betetzen ez dituelako". Auzo-Elkartearen ustez, "Europako funtsak eskuratu izana justifikatzeko aurkeztutako argudioak ez dira egiazkoak, eta iruzurrezko erabileratzat jotzen ditugu. Horregatik, pozten gaitu Auzo Elkarteak salatutakoa aztertuko duen Batzorde Europar bat eratu dela jakiteak". Gainera, gogorarazi nahi dute Auzo-Elkarteak bi errekurtso aurkeztu dituela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian ebatzi behar direla. "Horietakoren batek aurrera eginez gero, trenbidea estaltzeko proiektua geldiarazi ahal izango litzateke", diote.