13 mendizalez osatutako taldea Pirinioetan izan zen azken asteburuan

13 mendizalez osatutako taldea Pirinioetan izan zen azken asteburuan
2023/06/21 12:26
eta kitto!
Eibarko Klub Deportiboko mendi taldeak, Elgoibarko Morkaikorekin batera, Pirinioetara antolatutako irtenaldia egin zuen azken asteburuan, eta ondo jakin izan zuen eguraldiaren gorabeherei aurre egiten.

Zapatuan, aurreikusitakoaren arabera, mendizaleek Erata gailurra igo zuten. Hala ere, aurreikusitako ibilbidean aldaketa batzuk egin behar izan zituzten, Quebrantahuesos bizikleta proba zela eta errepidea itxita baitzegoen. Azkenean, Cotefablo portutik irten ordez, Yésero herritik irten zen taldea eta, Erata tontorra egin ondoren, aurreikusi bezala Biescasera jaitsi ziren. Eguraldi ederraren laguntzarekin egin zituzten ibilbidearen 19 kilometroak, ondoren Pueyo de Jacako aterpetxera gaua pasatzera joan aurretik.

Domekan, ekaitzaren ondorioz, ibilbidea guztiz aldatu behar izan zuten. Gau osoan zehar geratu gabe euria egin zuen eta, goizean ere hala jarraitzen zuenez, aurreikusita zituzten Peña Roya eta Peña Blanca tontorrak egin ordez, Riglos aldera jeistea erabaki zuten eguraldi hobearen bila. Riglos herritik irtenda, 16 kilometroko ibilbide zirkularra egin zuten mendizaleek, "Mallos de Riglos" harkaitzak inguratuz. Euria izan bazuten ere, goi mendietako ekaitzaren arriskua ekiditea lortu zuten, eta baita ibilbide polita osatu ere.

Deporrekoen hurrengo irteera uztailaren 1ean izango da, bertan Opakua herria eta San Roman lotzeko aukera izateko, Baio tontorretik pasatuta. Guztira 19,7 km-ko ibilbidea egingo dute, 745 metroko desnibel positiboarekin. Era berean, laister zabalduko dute uztailaren 22tik 25erako zubian Araneko Itzulia amaitzeko falta zaizkien lau etapen irteerarako izen-ematea. Bi irteeretan inguru zoragarriak ikusi daitezke: aukera bikaina Mendi Batzordeko gonbite hori jasotzeko.