Bigarren eskuko azoka egingo da ekainaren 3an
Ekainaren 3an egingo da Eibarko Udalak antolatutako bigarren eskuko azoka. Ekainean egingo den lehen aldia izango da eta Errebal Plazia aukeratu dute horretarako. 10:00etan hasi eta 14:00etan amaituko da. Haurrentzako tailer bat antolatuko da material birziklatuekin ziba bat egiteko. Azokan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, eta epea zabalik dago maiatzaren 30era arte.
Erabilitako objektuak saltzeko interesa dutenek bi modutara egin ahal izango dute. Postu bat (mahai bat) erreserbatu ahal izango da bakoitzak nahi dituen objektu erabiliak saltzeko edo, bestela, erabilitako objektuak gordailu-zerbitzuan utzi ahal izango dira (gehienez ere 10 pertsona bakoitzeko eta egoera onean); kasu horretan eta antolakuntzako taldea arduratuko da objektu horiek zaintzeaz eta saltzeaz. Horretarako, saldu nahi diren objektuak larunbatean bertan (ekainak 3) eraman beharko dira, 9:00etatik 10:00etara bitartean. Objektu horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta saltzaileak egokitzat jotzen duen prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Kasu horretan, ez da onartuko arroparik, erabilitako osagarririk, ezta tamaina handiko objekturik ere.
Era berean, adierazi behar da, oraingo honetan, eta azoka uda partean egingo denez, lehentasuna emango zaiela urtaro horrekin eta oporrekin zerikusia duten objektuei eta, besteak beste, honako hauek salduko direla: kiroletako, bidaietako eta hondartzarako artikuluak eta liburuak, eta musika- edo zinema-artikuluak. Beraz, postuak adjudikatzean, lehentasuna emango zaiei baldintza hori betetzen dutenei.
Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak bertara itzuliko dira salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.
Postua jartzeko, ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea eta adinez nagusia izatea. Zita 943670249 telefonora deituz edo honako estekan dagoen formularioa betez hartuko da: www.merkabi.eus/eibar. Izena emateko epea maiatzaren 30era arte dago zabalik. Gordailu-zerbitzuaren bidezko salmentaren kasuan, ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, nahikoa da objektuak egun berean eramatea 9:00etatik 10:00etara.
Bestalde, haurrentzako tailer bat ere egingo da, material birziklatuekin ziba bat (eibarreraz txiba eta tronpa) egiteko. Tailerra 3 eta 12 urte bitarteko umeentzat izango da, baina 5 urtetik beherakoek heldu batekin egon beharko dute. Hormirudi bat ere egingo da Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren inguruan, ekainaren 5ean ospatzen baita.
Tailerra 11:30ean hasi eta 14:00ak aldera amaituko da. Plazak mugatuak izango direnez, bost txanda aukeratuko dira 11:30etik 13:30era bitartean, eta txanda bakoitzak 25 minutu inguruko iraupena izango du. Txanda Errebalen bertan erreserbatuko da azoka-egunean bertan.
Bigarren eskuko merkatu hau egiteko, Udalak dirulaguntza bat eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuari, eta beste dirulaguntza bat ere eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari.