Google bilaketek euskara diskriminatzen dutela identifikatu du PUNTUEUS Behatokiak
Behatokiak Interneten euskarak duen egoera ikertzea du helburu, baita .EUS domeinuaren egoera eta eboluzioa aztertzea ere. Aurten, urtez urte aztertzen diren adierazleez gain, Googlen bilaketa zerbitzuak euskara diskriminatzen duela pentsatzeko zantzurik badagoen aztertu da.
Kezkaren abiapuntuetako bat Aliança per la Presència Digital del Català erankundeak egindako ikerketa izan da. Albert Cuesta koordinatzaileak prentsaurrean azaldu zuenez, bilaketak egiterako orduan Googlen algoritmoak katalanaren ikusgarritasunean duen eragina aztertu dute, eta 2022ko udaberritik aurrera, gaztelaniazko emaitzak lehenesten eta katalanez zeudenak zigortzen dabilela ondorioztatu dute. Honen eraginez, aztertutako webguneen % 66,5ean, gaztelaniazko eduki baliokideekin alderatuta, katalanaren aukerak ikusgarritasuna galdu duela ikusi dute.
“2021aren hasieratik 639 webgune eleaniztunen trafikoari buruzko datuak aztertu ondoren, Aliança per la Presència Digital del Catalàk zehaztu du hiru webgunetik bik bisitak galdu dituztela katalanez, eta, kasuen % 80an, gaztelaniazko bertsioak irabazi duela. Fenomeno horrek ez du zerikusirik erabiltzailearen hizkuntza-lehentasunekin, bilatzaileek ez baitute errespetatu”.
Euskal Herrian, euskarazko Wikipediaren arduradunek ere antzeman dute Googlen algoritmoaren aldaketa. Bisita kopuru orokorraren joera goranzkoa izan arren jaitsiera neurtu dute hainbat alorretan. Luistxo Fernandez EWKEko lehendakariaren hitzetan, “Euskal Wikilarien Kultur Elkartean kezkatuta gaude, eduki eta kalitate gehikuntzan Euskarazko Wikipedia elikatzen ondo gabiltzan frogak dauzkagulako, eta hala ere, iaztik, alor zehatz batzuetan trafikoa galtzen ari gara. Googletik bideratutako bilaketetan dago gakoa, oso argi daukagu”.
PUNTUEUSek aztertutako laginean ere, Googlen bilaketa zerbitzuan euskara gazteleraren mesedetan diskriminatzen dela identifikatu dute, eta, ondorioz, euskarak Interneten duen ikusgarritasuna galdu duela nabarmendu dute.
“Euskal erabiltzaileen bilaketei gaztelaniazko emaitzekin erantzuten die Googlek. Honek ondorio larriak ditu, euskara baztertu eta gaztelaniaz nabigatzera eramaten dituelako erabiltzaileak, euskararen ikusgarritasuna murriztuz. Orain, azterketa sakonduko dugu emaitzak euskal Interneten izan duen eragina neurtu eta hartu beharreko neurri zuzentzaileak aztertzeko”, azaldu zuen Waliñok.
Gero eta gailu gehiago euskaraz
Gainerakoan, datu baikorrak ere utzi ditu Behatokiaren azken azterketak, erabiltzaileen hizkuntza hautuari dagozkionak hain zuzen ere. Azken neurketa egin zenetik bikoitzu egin da gailuak euskaraz konfiguratuta dituzten erabiltzaileen kopurua.
Duela 5 urte aztertu zen azkenekoz gailuak euskaraz erabiltzen dituzten erabiltzaile kopurua eta orduan jaso zen inoizko daturik baxuena: gailuen % 2 inguru zegoen euskaraz.
Aurten egindako azterketaren arabera, datu hori bikoiztu egin da, eta % 4koa da orokorrean eta % 15ekoa erabiltzaile euskaldunen artean. Datua apala izan arren goranzko joera “albiste ona dela” azipimarratu zuen Lorea Arakistainek. “Herritarrek gailuak eta nabigatzaileak euskaratzea sustatzeko ekintzek eragina dutela erakutsi dute datuek”.