Urpeko argazki-erakusketa eta lau zine-saio antolatu ditu Deporreko batzordeak
Zapatuan Topalekun zabalduko den argazki-erakusketak paso emango dio jarraian, hilaren 13tik 16ra arte, Coliseon eskainiko diren itsaspeko proiekzioei. Urtero bezala, Deporreko Urpekaritza batzordetik eskaintzen zaigun aukera CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren barruan kokatzen da, oraingoan 22. edizioaren barruan. Topalekuko argazkiak hilaren 2tik 17ra egongo dira ikusgai eta bertan izango dira 24 irudi ikusgarri, “lehiaketan jasotako 500 argazki baino gehiagoren artean aukeratutakoak”. Urpeko Errealeko Elkarteak eta Aquariumak ere babesten dute ekimena. Erakusketa egunero zabalduko dute 19:00etatik 21:00etara; zapatu eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.
Bestalde, itsaspeko ikus-jaia bizitzeko parada izango da abenduaren 13tik 16ra arte, lau egunetan jarraian, Coliseo Antzokian 19:00etatik aurrera eskainiko diren doako proiekzioekin. “Edizio honek ere edertasuna esploratzeko eta ozeanoen sekretuak ezagutzeko balioko digu”, diote antolatzaileek. CIMASUB, gainera, hezkuntzarekin eta ingurumen-kontzientziarekin duen konpromisoa Txikizikloan ere islatzen da: “Hori dela-eta, hilaren 13an, goizeko 10:00etan, LHko herriko ikastetxeetako haurrentzako saioa izango da; eta hilaren 16an, 12:00etatik aurrera, familientzako beste saio bat prestatuko da”. Informazio gehiagorako: www.CIMASUB.com