Haurrentzako ekitaldi ugari eta musika eta dantza eskaintza zabala Gabonetako egitarauan

Haurrentzako ekitaldi ugari eta musika eta dantza eskaintza zabala Gabonetako egitarauan
2023/12/07 18:27
eta kitto!

Eibarko Udalak jarduera-egitarau zabala antolatu du Gabonetarako. Jardueren hasiera joan den astean hasi zen kaleetako argiak piztu zirenean.  Musikak, dantzak, haur parkeak, eta patinatzeko pistak tokia izango dute programazioan, eta, jakina, Olentzerok eta Errege Magoek ez dute huts egingo.

Olentzero abenduaren 24an etorriko da Eibarrera. 11:30ean kalejira bat egingo da Urkizutik udaletxeraino.  Han, beranduen dabiltzanek, Olentzerori eman ahal izango diote beren gutuna, eta, garaiz ibili nahi dutenek, Pegorako eta Portaleko buzoietan entregatu ahal izango dute abenduaren 11tik 23ra.  Urtarrilaren 5ean, Errege Magoen txanda izango da; 19:00etan irtengo dira Untzagatik.  Bi ordu lehenago, Ipuruako Kiroldegian Nele Dantzaren, Ballet Eibarres-aren, Kaxaren, Koaren eta Ipuruako Gimnasia Erritmikoko Klubaren emanaldia egingo da.  Bertara joan nahi dutenek Portalean jaso ahal izango dituzte gonbidapenak abenduaren 21ean, 09:00etatik aurrera.

Musika- eta dantza-ikuskizun ugari egingo dira herriko hainbat lekutan. Errebal Plazan Kaxaren eta Koa Dantzaren emanaldiak ikusi ahal izango dira abenduaren 14an eta 15ean.  Abenduaren 15ean, orobat, Sostoa abesbatzak, Koro Gazteak eta Juan Bautista Gisasola Musika Eskolaren abesbatzak kontzertua emango dute Karmeliten elizan.

Abenduaren 17an eta 20an, Cielito Musika Bandak eta Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako ikasleek emanaldia emango dute Coliseo antzokian

Abenduaren 23an, eszenatoki berean, Eibarko Koro Gazteak “Neguko ahotsak” diskoa aurkeztuko du.  Egun bat geroago, abenduaren 24an, Usartza Txistulari Bandak Untzagan joko du, Sostoa abesbatzak lagundurik eta pianoaren, perkusioaren eta metalaren akonpainamenduarekin.

 

Astelena Haur Parkea, patinatzeko pista eta barrakak
Aisialdiak, umeena bereziki, leku nabarmena izango du aurten ere. Eibarko Udalak eta Eibarko Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) sustatutako urteko kanpainaren barruan, Astelena pilotalekuak Astelena Haur Parkea hartuko du abenduaren 23tik aurrera. Zabalik egongo da 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era, abenduaren 23an, 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean, eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an. Gabonak amaituta, jarduerak martxan jarraituko du eta ateak irekiko ditu larunbatetan, urtarrilaren 13an, 20an eta 27an; otsailaren 3an, 17an eta 24an; eta martxoaren 2an eta 9an.

Errebal Plazan, bestalde, patinatzeko pista bat egongo da abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra bitartean.  Abenduaren 22an eta urtarrilaren 6an arratsaldez bakarrik irekiko dira ateak (17.00etatik 20.00etara) eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da. Barrakak herriko hiru tokitan jarriko dira.  Txaltxazelaian bost atrakzio egongo dira eta hiru Urkizun, abenduaren 22tik urtarrilaren 8ra bitartean; dagoeneko karrusel bat martxan dago azaroaren 2tik Toribio Etxebarria kalean, anbulatorioaren ondoko parkean, eta han egongo da otsailaren amaiera arte.

Astelena Haur Parkea eta patinatzeko pista doakoak izango dira, baldin eta kanpainan parte hartzen duten merkataritza-establezimenduetan gutxienez 20 euroko erosketak egiteagatik emango diren bonuak aurkeztuz gero. Bonu barik, prezioa hiru eurokoa izango da eta bi kasuetan, ordu eta erdiz egon ahalko da atrakzioan. Kanpainan parte hartzen duten establezimenduek, halaber, bonuak izango dituzte barraketarako; abenduaren 22, 23, 26, 27, 28, 29 eta 30ean bonuak entregatuta euro bat kostako dira, eta bi euro gainerako egunetan.