Gabonetako bigarren eskuko azokan parte hartzeko izen-ematea abenduaren 13an amaituko da

Gabonetako bigarren eskuko azokan parte hartzeko izen-ematea abenduaren 13an amaituko da
2023/12/07 18:40
eta kitto!
Eibarko Udalak jasangarritasunaren aldeko apustua egingo du, laugarren aldiz Gabonetako bigarren eskuko azoka antolatuz. Abenduaren 16an egingo da Errebal Plazan eta interesa dutenek bi aukera dituzte. postu bat erreserbatzea edo erabilitako objektuak gordailu-zerbitzuan lagatzea, haiek saltzeaz antolakuntza arduratu dadin.

Bigarren kasu horretan, gehienez hamar objektu onartuko dira, eta horien artean ezingo dira arropa, osagarriak eta tamaina handiko objektuak sartu. Parte hartzeko, ezinbestekoa da adinez nagusia izatea eta aldez aurretik erreserba egitea 943670249 zenbakian edo www.merkabi.eus/eibar webgunean abenduaren 13ra arte, egun hori barne.

Azokaz gain, haurrentzako bi tailer eskainiko dira material birziklatuekin Gabonetako apaingarriak sortzeko. Bat hiru eta sei urte bitarteko haurrentzat izango da; kasu horretan, umeak heldu batekin egon beharko dira; eta beste tailerra sei urtetik gorako haurrentzat izango da. Bost txanda egongo dira 11:30etik aurrera, eta plazak mugatuak direnez, egun berean erreserbatu beharko da Errebalen nahi den txanda.