17 mendizalek hartu zuten parte aurreko asteburuan Pirinioetara egindako irteeran

Garmo Negro, Peña Roya eta Peña Blanca izan dira igo dituzten gainak
17 mendizalek hartu zuten parte aurreko asteburuan Pirinioetara egindako irteeran
2024/06/19 10:22
eta kitto!

Pirinioetara aurten egindako lehen irteera izan zen aurreko asteburukoa Klub deportiboko mendi batzordekoentzat. Eguraldi ona eta egun luzeak aproposak dira Deporreko txangoak leku urrunagoetara eta gailur altuagoetara iristeko tea, oraingo honetan, Garmo Negro (3.060 m), Peña Roya (2.578 m) eta Peña Blanca (2.555 m) izan dira igo dituzten gainak. Gailur horiek ezin izan ziren iazko Aste Santuan igo, eguraldi txarragatik; horregatik, pizgarri berezia zuten bertara joandakoentzat.

Oraingoan eguraldiak lagundu du, eta zapatuan, zeru urdin garbi-garbiarekin, Garmo Beltza Las Argualas mendigunean sortzen duen zirkutik bista zoragarriak ikusi ahal izan zituzten; azken batean, Aragoiko Pirinioetako ekialdeko sektorearen ikuspegi zabala izan zuten begi aurrean. Domekan Peña Roya eta Peña Blanca igo zituzten eta, ibilaldiaren amaieran agertu ziren hodeiekin, arreta guztia jarri behar izan zuten jaitsieran. Irteera horretan gune elurtuak zeharkatu zituzten, eta kranpoiak jantzi eta pioleta erabili behar izan zuten. Esperientzia ahaztezina zeharkaldian parte hartu zuten askorentzat, lehen aldiz 3.000 m egiten baitzituzten.

Hurrengo irteera Iparraldera izango da, uztailaren 6an: Bagargiak - Artanolatza (1.530 m) - Okabe (1.466 m) - Iratiko txaletak. Zeharkaldi xumeagoa eta, aldi berean, erakargarriagoa izango da denboraldi honetan inguruko parajeak ezagutuz aprobetxatu nahi duten mendizale guztientzat.