1934ko Urriko Iraultzari buruzko hitzaldia antolatu du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak barixakurako

Jesus Gutierrez historialari eibartarrak emango du, 18:30ean Arrate Kultur Elkartean.
1934ko Urriko Iraultzari buruzko hitzaldia antolatu du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak barixakurako
2024/10/23 18:59
eta kitto!

1934. urtean izandako Urriko Iraultzaren 90. urteurrenaren harira, barixaku honetarako hitzaldia antolatu du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak, 18:30ean Arrate Kultur Elkartearen lokaletan. 1934ko iraultza Euskal Herrian eta Eibarren izenburuko saioan Jesus Gutierrez, gai horretan aditua den historialari eibartarra arituko da berbetan, eta sarrera librea izango da. Kontseilu Sozialistatik adierazi dutenez, “Asturias eta Kataluniatik haratago, Euskal Herrian pisu handia hartu zuen langile matxinadak, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Gipuzkoan grebak urriaren 5etik 12ra iraun bazuen ere, ‘lurraldearen kontrol fisikoa’ soilik Eibarren eta Arrasaten izan zuten iraultzaileek. Borrokek zazpi hildako utzi zituzten Eibarren, eta beste lau Arrasaten. Faxismorantz zihoan Errepublikako gobernu eskuindarraren kontra langileek egindako iraultza izan zen 34koa, ondorio politiko handiak izan zituena, eta Gerra Zibilaren aurrekari izan zena”. Orduan bezala, gaur egun ere faxismoa Europan azkar hedatzen ari dela diote, “eta gure betebeharra da historian zehar faxismoaren kontrako borrokan egon diren esperientzia iraultzaileak ezagutzea eta horietatik irakaspen politikoak ateratzea”.

1934ko Urriko Iraultzari buruz gehiago jakiteko, irakurri HEMEN Jesus Gutierrez Arosa historialari ...eta kitto! astekarirako egindako elkarrizketa.