“1975 Dena jokoan zegoen urtea” erakusketa zabalduko dute astelehenean Topalekun

Abenduaren 22tik 28ra bitartean egongo da ikustera joateko aukera, 18:00etatik 20:00etara.
“1975 Dena jokoan zegoen urtea” erakusketa zabalduko dute astelehenean Topalekun
2025/12/19 11:49
Silbia Hernandez Arrazola

Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioen eskutik, 1975 Dena jokoan zegoen urtea erakusketa ikusi ahalko da Topalekun abenduaren 22tik 28ra bitartean, 18:00etatik 20:00etara. Antolatzaileen berbetan, “duela 50 urte, hiru hilabete eskasean, Txiki eta Otaegi fusilatu zituen erregimen frankistak, Franco diktadorea hil zen, eta Juan Carlos I Borboikoak estatuburu kargua hartu zuen Espainian. Espainiar trantsizio gisa ezagutzen dena azaleratu zuten gertakari garrantzitsuak izan ziren. Erakusketa honek Euskal Herriaren ikuspegitik urte hartan gertatutakoaren memoria jaso eta gaur egunera dakar, trantsizio espainiarrak Euskal Herriaren bilakaeran izan zuen eraginaz gogoeta egiteko elementuak ematearekin batera”. 
Diktadura frankistak ETAko bi kideak eta FRAPeko beste hiru 1975eko irailaren 27an fusilatu zituela 50 urte igaro direla eta antolatu dute erakusketa, eta bertan panelak, argazkiak eta ikus-entzunezko bat ikusi ahal izango dira, besteak beste.