20 laguneko taldeak osatu zuen Urtasun eta Olaguen herri arteko mendi irteera

Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeko kideek irteeraren nondik norakoak kontatu dizkigute
20 laguneko taldeak osatu zuen Urtasun eta Olaguen herri arteko mendi irteera
2025/05/13 11:22
eta kitto!

Anue izeneko haranean aurreko zapatuan Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak antolatutako irteera honela kontatu digute bertan izandakoek: “Deporreko hogei laguneko talde bat Nafarroako Urtasun herrixkara abiatu ginen bertatik Olaguen herriarekin lotzeko bidea egitera Anue izeneko haranean. Hiru aukera desberdin zeuden ibilbidean norbere gustura. Gurea, luzeena, ateri hasi zen eta horrela jarraitu genuen hiru orduz harik eta euriari ekin zion. Basoan babestu ginen aldi batez, baina bustitzea etorri zitzaigun azkenerako. Paisaia, landa ederrek eta pagadietako tantaiek merezi zuten. Lehenengo gailurra Baratxueta (1148 m.) izan genuen, gero Iragi auzo-herrixkara jaitsi eta Goitiko Gaina igo genuen (1224 m.), zuhaitz artean tontorra eta buzoia ezin topatuz. Aldats behera berriro tontortxo batzuk pasatuz (Guraitz, adibidez) eta, azkenik  Apordoki gainditu ondoren goitik beherako atzen jaitsierari ekin genion Olaguerarino, non autobusa bertan genuen. Sei ordu t´erdi mendian 1.255 metrotik gora desnibela eta 22 kilometroko ibilaldia”.