20 urte bete dira Kezkak Arrateko dantzak eraberritu zituenetik
Eibarko taldeak Juan Antonio Urbeltz eta Donostiako Argia dantzari taldea izan zituen eredu eta gidari 2005ean, ezpata-dantza osatzeko eta ekitaldiari erritual osoagoa emateko. Ordutik hona, dantza-formak Eibarko urratsetara eta dantzakera berezira egokitu dituzte, eta elementu berriak gehitu dizkiote: ezpata-luzeen zubiei zintzarria eta parrilla osatzea eta maisu-zaharra igotzea eta trokeo-dantzak, besteak beste.
Gainera, urte hartan bertan sortu zen Arrateko Dantzarien Kofradia, eta ordutik kofradiak urtero bazkaria eta akten sinadura egiten ditu dantza ostean, ohitura berri bat sustatuz.
Hala ere, berrikuntzarik esanguratsuenetako bat genero berdintasunaren alorrean izan zen. 2005eko Arrateko ezpata-dantzan lehen aldiz emakumeek eta gizonek elkarrekin parte hartu zuten, jantzi, funtzio eta estatus berean, ordura arte tradiziozko dantzetan ohikoa ez zena. Lehen urtean bakarlari paperak gizonezkoek bete bazituzten ere, 2006an Lurdes Odriozola elgoibartarra lehen emakume bakarlari bihurtu zen, bide berria irekiz.
Kezka dantza taldeak gogorarazi du dantza hauek ez direla soilik iraganeko ondare baten berrikuspena, gaurko gizarteari egindako ekarpen bizi-bizia baizik.
Gonbidatuen tradizioa
2005ean bertan beste ohitura bat jarri zuen martxan Kezka dantza taldeak: urtero gonbidatu bereziak ekartzea Arrateko dantzetara. Lehen edizio hartan, Iñaki Arregi eta Mikel Sarriegi izan ziren dantzari gonbidatuak, eta ohorezko gonbidatu gisa parte hartu zuten Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregik.
Ordutik hona, askotariko taldetako eta inguruko dantzariak aritu dira Arraten Kezkarekin batera, eta horien artean izan zen berriki zendu den Kepa Artetxe dantza-maisu galdakaoztarra ere.
2025eko Arrate eguna
Aurten, hogeita batgarren edizioan, Maite Irizar oñatiarra eta Unai Esturo iurretarra izango dira gonbidatu nagusiak. Irizar, Oñatz dantza taldeko kidea da, Jexux Irizar “Txutxin”-en alaba, Oñatiko dantzen tradizio aberatsean, Oñatiko tradizio aberatsean hazitakoa da, bai Korpus dantzetan, bai Oñatz taldearekin. Esturo, berriz, Durangaldeko dantza tradizionaletan —dantzari-dantza, erregelak eta gorulari-dantzak— esperientzia handia duen dantzaria eta antolatzailea da.
Bakarlarien parte-hartzeaz gain, talde osoa ari da prestaketetan. Belaunaldien arteko topagunea ere bada Arrate: “helduek sokari segitzen dioten einean, gazteak ere badatoz atzetik”.