2014rako udal aurrekontua %13 igoko da, udalak Jaurlaritzatik jasoko dituen 3'1 milioiei esker
Miguel de los Toyos alkateak gaur (barixakua, hilak 20) prentsaurrekoan azaldu duenez, 2014rako udal aurrekontua 32'7 milioi eurokoa izango da. Aurtengo aurrekontua 28'9 milioikoa izan da, beraz, datorren urtekoak %13ko igoera izango du 2013koarekin alderatuz gero, "Eusko Jaurlaritzak udalari emango dizkion 3'1 milioi euroei esker. Bestela, Jaurlaritzak diru hori eman ezean, igoera %2'5 ingurukoa izango litzateke".
Alkatearen berbetan, aurrekontua osatzeko orduan lehentasuna izango dute krisiak eragindakoei laguntzeko bideratutako dirulaguntzek eta, Larrialdi Sozialetarako partida iazkoa baino %30 handiagoa izango da (225.000 eurotik 294.000 eurora igoko da). Enplegua sustatzeko egitasmoek ere lehentasuna izango dute; atal horretako igoera %55-ekoa izango da (290.000 eurotik 450.000 eurora igoko da partida). Eta hirugarren lehentasuna garapen ekonomikoak eta berrikuntzak osatuko dute: Berreibar, Makers, Gertatu, Ekingune eta beste hainbat proiektu sustatzeko 774.000 euroko partida aurreikusi dute (aurtengo 685.000 euroko partidarekin alderatuta, igoera %13koa izango da).
Aurrekontua handiagoa izateak inbertsioen atalari mesede egingo dio, datorren urtean 5'6 milioi inbertsioetarako erabiltzea aurreikusi dute-eta. Kopuru horretatik 3'1 milioi Eusko Jaurlaritzak emandakoak izango dira eta diru hori batez ere irisgarritasunari lotutako lanetan erabiltzeko asmoa azaldu dute: besteak beste, lau igogailu ipini nahi dituzte (Amañako pasealekutik dorreetara, Legarreko behealdea eta goiko kaleak lotzen, epaitegiaren atzeko aldea eta Urki bitartean eta Bista Ederretik Mutiolara). Udalari zuzenean dagozkion 2'5 milioiak, besteak beste, Txomoko parkea konpontzen (200.000) eta auzoetako bileretan eskatutako lan txikiak egiten (600.000 euro) erabiliko dituzte. Aurrekontu-proposamenaren zirriborroa beste alderdiei helarazi diete, zuzenketak egiteko aukera izan dezaten (horretarako epea urtarrilaren 19an amaituko da).