2014rako udal aurrekontua kontrako boto barik onartu dute
Aurreikusita zegoen moduan, ezusteko barik onartu dute 2014rako udal aurrekontua, idazkariak irakurri duen aurrekontu proiektuak botazioan aldeko hamaika boto (PSE-EE alderdiaren bederatzi eta PP-ren bi) eta hamar abstentzio (Eibarko EH Bilduren sei eta EAJ/PNV-ren lau) jaso eta gero. Azken urteotan aurrekontua onartzeko plenoetan gertatutakoarekin alderatuz gero, aurtengo berritasun nagusia kontrako botorik ez dela egon izan da. Izan ere, gaur onartu duten proiektuan alderdien arteko negoziazioetan adostutako ekarpenak jasota daude eta, beraz, Eibarko EH Bilduk eta jeltzaleek abstentzioaren bidea hartu dute. Debateak ordubete eta erdi baino zerbait gehiago iraun du, gehienbat Igor Aldalur Bilduko bozeramaileak hainbat punturen inguruko azalpenak ematen jardun duelako. 32'7 milioi euroko udal aurrekontua onartzeko plenoa gaur (barixakua, hilak 14) goizeko 09.30etan hasi da eta udal ordezkariak eta kazetariak, beste inor ez da joan pleno aretora.