2016. urteko udal aurrekontua onartzeko pleno berezixa zuzenian internet bidez jarraitzeko aukeria egongo da gaur 17:30xetatik aurrera

2016. urteko udal aurrekontua onartzeko pleno berezixa zuzenian internet bidez jarraitzeko aukeria egongo da gaur 17:30xetatik aurrera
2016/03/18 17:06
eta kitto!
Gaur arratsaldian onartuko dabe udaletxian 2016rako aurrekontu proposamena horretarako deittutako udal-plenuan.  Gaiñera,  gaurtik hasitta, aurrerantzian udalak egitten dittuan udalbatzak internet bidez zuzenian jarraitzeko aukeria egongo da. Gaur arratsaldian, 17:30xetan erabilliko dabe "streaming" bidezko emisiño-sistemia estreiñekoz (www.eibar.eus helbidean). PSE-EEk aurkeztuko daben aurrekontuak  ez dau ezetzik jasoko, hala esan dabe-eta Udalian dagozen beste hiru alderdixak. Irabaziko ordezkari bakarrak abstenidu egingo dala esan dau “ixa baietza emoteko egon bagara be”, eta beste bixak, bosna ziñegotzi dittuen EH Bilduk eta EAJ-PNVk, kontrakorik ez  dabela egingo baieztatu dabelako, “egindako zuzenketen zati haundixa onartu detsela-eta” baiezkua emon edo abstenidu egingo dira. Aurrekontua alderdi guztien artian onartzeko ahalegiña nabarmendu dabe ordezkarixak.

Udala gobernatzen daben PSE-EEk 31.942.465 euroko aurrekontuaren lan-proposamena aurkeztu zetsen beste alderdixeri. Eta, euren artian izandako negoziaziñuetan onartutako partidekin, aurrekontu hori 1.355.660 eurotan haundittu da. Azken aurrekontuarekin -iazkuarekin- konparatuta, gobernu taldiak %3,7an haundittu eban aurrekontua. Partida barrixekin, aurtengo aurrekontua iazkua baiño %7,9 haundixagua izango da: hau da, onartutako zuzenketak %4 pasata haundittu dau azken aurrekontua.
Bestalde, aurreko urtiotakuekin konparatuta, aurtengua aurrekontu haundixena da 2010etik. Ordukua 34 millioi eurokua izan zan, baiña haundixagua oindiokan izan zan urtebete lehenagokua: 2009xan 39 millioi eurotik gorakua onartu zan-eta. Handik aurrera, krisixaren eragiña Udalaren aurrekontuetan be nabarittu da, apurka-apurka “hortik urteten bagoiaz be, kontu haundixarekin jarraittu bihar dogulako”. Horregaittik, aurreko hamarkadako 40 millioi inguruko aurrekontutik hamarkada honetako 30aren ingurukora pasatu gara.
Bestalde, Aste Santua ate joka dogunian onartuko da aurrekontua, aurreko urtietan baiño geroago. Hainbat arrazoi dagoz horretarako: legegintzaldi barrixan sartuta, lehelengo aurrekontua da gobernu-talde honentzat; ziñegotzixak be asko barrixak dira eta, hori gitxi balitz, aurreko interbentoria jubilau zan eta barrixa sartu da, beste udal txikiago batetik etorrittakua, eta “Udala ezagutu eta funtzionamenduaren mekanismuak hartzen juateko denporia bihar dau”. Legiaren arabera hurrengo aurrekontuak onartuta egon biharko litzakez abenduaren 31rako, baiña iñongo udaletan ez da halakorik betetzen, “Euskal Herrikuetan ez behintzat”, De los Toyos alkatiak diñuanez. Gehixenak otsaillaren eta martxuaren artian onartzen dittue eta “badira oindiokan onartu ez dittuenak”.

Bi millioi eta erdi Eusko Jaurlaritzatik
Aurrekontuari buruzko alkatetzak egindako txostenian hiru zutabe nagusitzen dira: garapen ekonomikuan, “guriak ez diran konpetentzieri be heldu bihar detsagu, Udala horretaz arduratu bihar dalako, eta hortik doiaz horretan lagundu leikien instrumentuak sortziarena, biharrezko mikroklima hori sortzeko”; arlo sozialian “sensibilidadia erakutsi bihar dogu eta herrixak gertuko ikusi bihar gaittu”; eta, azkenik, bizitza kalitatiari begira, “akzesibilidadiari eta halakueri begiratu bihar detsagu”.
Gobernu taldiak bestelako alderdixekin izandako harremanetan “Eibar eredua dala” diño alkatiak. “Gu akordiuetara heltzeko borondatia erakutsi detsegu eta eurak berdin jokatu dabe gurekin. Jasotako zuzenketa asko gure asmuak indartzera etorri dira; esaterako, etorkizunian hartzeko genittuan erabagi batzuk aurreratzia ekarri deskue eta holan ikusi dogu asmo berian gindoazela”.
Alkatiak PSE-EE Eusko Jaurlaritzan Urkulluren gobernuarekin alkarlanian jardutiak Eibarrerako dakan abantaillak aittatzen dittu: “Bixen artian lotutako akordixueri esker, Amañako pasiua amaittu genduan iaz eta ospittala be bultzatu zan barriro. Holan, aurten bi millioi eta erdi euro gehitzen detsagu aurrekontuari eta, iaz emon zeskuen kopuru berarekin eta oin dala urte bi jaso genduazen beste hiru millioikin, zortzi millioi euro izango dittugu esku artian”. Fondo Foraletik etorri leiken aportaziñua be hobetzen doia azken urtiotan: “Iaz 278.000 euro gehixago jaso genduan eta aurtengo prebisiñuak %6xa igoko dala esaten desku”.
Aurrekontuaren sarreren arluan, transferentzia arruntak dira beti partida haundixena. Aurten be guztien %56ra iritsiko dira eta, eskatu biharreko kredituaren prebisiñua kenduta, %60ra helduko litzake. Ba horko ixa %90 Fondo Foraletik dator: 17.178.368 euro dagoz aurreikusitta. Diputaziñuarekin lortutako akordixuen artian, alkatiak pozik dago “Azitain eta Maltzagaren arteko bidegorrixaren inguruan azken aldixan lortutako konpromisuarengaittik”.

7 millioi euro inbersiñuetarako
Inbersiñorako partidaren erregiña Errebalgo proiektua da:  2.320.000 dagoz bertara destinatuta. Atzetik dagoz herri inguruniak eta akzesibilidadia hobetzeko lanak -horretan 1.900.000 euro jarriko dira- eta hirugarren partida garrantzitsuena ekipamendu eta eraginkortasun energetikua lortzeko 600.000 euruak osatuko dabe. Aurten herrixan egitteko lanen artian dagoz “Txomoko goiko parkia, Eibarko Bizikletako plazia, Karmelitena, Mutiolako parkia, Isasiko espaloiak eta Aizarnako aparkalekua”. Ipuruako igerilekuko bestuarixuak konpontzeko asmua dago eta baitta biomasako galdara bat jartzekua, “Arrateko Ama Birjiña ikastexian edo Iturburun, bixetako batian”.
Patronatu autonomuen egoeraren esparruan, Kirol Patronatura 900.000 euro juango dira (”bere aurrekontuaren %30 da, kuotak-eta %65era heltzen diralako”), Musika Konserbatorixora 260.000 (“hasieran gurasuak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak aurre egitten zetsen, bakotxak herenarekin, baiña azken aldixan Jaurlaritzak gitxiago eta guk gehixago ipintzen dogu”) eta San Andres zaharren egoitzak beste 200.000 euro jasoko dittu, bataz beste.
Zorrari-eta begira, Udala oso egoera onian daguala diño alkatiak: “Gaur egun %4aren bueltan izango gara, eta muga %25ian dago. Jakin izan dogu dirua aurreratzen eta ez genkaguna ez gastatzen eta ondo gagoz zirkulante edo ibilkorrian”.

Bestelako hiri eredu bat
EH Bilduk osoko zuzenketia eta 35 emendakin partzial aurkeztu zittuan udalbatzak proposatutako aurrekontu proiektuari eta, euretatik, 27 onartu detsaz. “Hiri sozialagua, ezkertiarra eta parte-hartziaren kulturan sakontzen daben” bidian egin dittu ekarpenok talde abertzaliak. Aittatutako emendakiñak “herritarrekin landutakuak dirala” eta Gipuzkuako Fondo Foraletik “millioi erdi euro baiño gehixago etortziak” aurreko legegintzaldixan han EH Bilduk egindako kudeaketa ekonomiko onaren adierazgarri dala esan eben haraiñegun eskindutako prentsaurrekuan.
Onartutako zuzenketekin “800.000 euro inguru gehixago inbertiduko dira herrixan”. Ekocenterra Eibarren inplantatzeko plana, Bizigune programaren kanpaiña, Eibarko diagnostiko soziala eta etxegabien  zentsua dagoz onartutako emendakiñen artian eta, euskara eta kultur arluan, “...eta kitto!-rako dirulaguntza berrikuntzetarako, Txonta kulturala, Eibarrera etorri-berrientzako Auzoko harrera-proiektua eta zine-bonoa Coliseorako”. Kohesiño sozialaren billa juan dira proposatutako zuzenketak.

Ekonomiaren berpizkundiaren billa
EAJ-PNVk millioi eta erdi euroko aldaketak proposatu zetsan udal taldiari, tartian 52 zuzenketa eskatuta. Azkenian PSE-EEk euretako 24 onartu detsaz, “1.171.800 euroko balixua dakenak” eta Plan Estrategikua martxan ipintzeko konpromisua hartu dau. Partida horretako zati haundixa “ekonomixari bultzadia emoteko proiektuetara bideratuko dira”. Hor tartian dagoz enpresa txiki eta ertaiñen barrikuntza proiektuetarako (100.000 euro), enpresa ideia barri eta ekintzailletarako inkubadora teknologikuaren sorreria (200.000) eta enplegu plana martxan jartzia (beste 300.000 euroko ekarpena). Industria eta merkataritza arlorako beste proiektuetarako erabilliko diran 151.000 eurorekin batera, “Plan Nagusixaren garapenerako neurrixak hartuko dirala” nabarmendu eben aurreko barixakuan EAJ-PNVko herriko ordezkarixak emondako prentsaurrekuan. Igogailluen proiektuetarako (Jardiñeta, Errekatxu, Birjiñape) eta Sansaburuko patixorako beste 200.000 euro gehitzia lortu dabe jeltzaliak.

Eibarrerako enplegu plana
Langabezixak gure herrixan dakan pisuari begiratu detse Irabazikuak eta, arazuari aurre egitteko, “Eibarrerako enplegu plana” proposatu eban Itoitz Garcia-Anton ziñegotzixak. “Eibartarrak kontratatzen dittuen enpreseri horrek ekarriko detsen gastuaren erdixa ordaintzia” proposatzen eban plan horretan. Holan 50 lanpostutik gora sortuko zirala diño, “beti be ikasten amaittu barri daben langabetuen eta 45 urtetik gorakuen eta aspaldittik lanik egin gabe daguazenen artian”. Horrekin batera, herriko autonomo eta enpresentzako mikrokredituak eskintzeko asmuarekin, “banka publikua sortzia” eskatu eben: “1.000 eta 2.000 euro bittarteko kredituak, interesik gabekuak eta 12-18 hillabeteko tartian ordaindu biharrekuak”. Igogailluak ipintzeko, fatxadak barritzeko, euskaltegirako, ibilbide osasuntsurako eta hondakiñak bereizteko be diru-partidak eskatu dittue. Hamabi emendakin onartu detsez.

 

aurtengo aurrekontua: 33.298.125

sarrerak
zuzeneko zergak    8.267.956
zeharkako zergak    310.000
tasak eta bestelako zergak    1.278.644
transferentzia arruntak    18.779.588
ondare sarrerak    134.400
inbertsio errealen besterenganatzia eta
hirigintza jardueratik ondorioztatutakua    6.100
kapital transferentziak    2.585.000
finantza-aktibuak    37.800
finantza pasibuak    1.898.795
guztira    33.298.125
urteerak
personal gastuak    10.973.069
gastuak ondasun arrunt eta zerbitzuetan    8.740.413
finantza gastuak    120.838
transferentzia arruntak    5.308.662
inbersiño errealak    6.956.766
kapital transferentziak    350.000
finantza-aktibuak    35.200
finantza pasibuak    813.170
guztira    33.298.125

azken urteotako aurrekontuak
2007...........38.465 milla euro
2008...........36.683 milla euro
2009...........39.179 milla euro
2010...........34.070 milla euro
2011...........31.877 milla euro
2012...........30.523 milla euro
2013...........28.893 milla euro
2014...........32.718 milla euro
2015...........30.840 milla euro

Itoitz Garcia-Anton pozik agertu da udalbatzak eztabaidetan erakutsitako jarrerarekin. Itoitz Garcia-Anton pozik agertu da udalbatzak eztabaidetan erakutsitako jarrerarekin.

EH Bilduko Leire Abanzabalegi, Gorka Errasti, Igone Lamarain eta Josu Cristobal aurrekontuen inguruan haraiñegun emondako prentsaurrekuan. Adostasunera heltzeko lana nabarmendu eben. EH Bilduko Leire Abanzabalegi, Gorka Errasti, Igone Lamarain eta Josu Cristobal aurrekontuen inguruan haraiñegun emondako prentsaurrekuan. Adostasunera heltzeko lana nabarmendu eben.

EAJ-PNVko Mertxe Garate, Elena Ibañez, Josu Mendikute eta Eduardo Zubiaurrek aurrekontuak izan daben atzerapena kritikatu eben eta udal-taldiarekin lortutako adostasuna nabarmendu. EAJ-PNVko Mertxe Garate, Elena Ibañez, Josu Mendikute eta Eduardo Zubiaurrek aurrekontuak izan daben atzerapena kritikatu eben eta udal-taldiarekin lortutako adostasuna nabarmendu.