2026. urterako udal-tasak eta zergak %2,5 igotzea onartu du Udalbatzak, PSE-EE eta EAJ/PNV alderdien aldeko botoekin

EH Bildu abstenitu egin da eta Elkarrekin-Podemosek kontrako botoa eman du.
2026. urterako udal-tasak eta zergak %2,5 igotzea onartu du Udalbatzak, PSE-EE eta EAJ/PNV alderdien aldeko botoekin
2025/10/10 14:58
eta kitto!

Gaur goizean egin den ezohiko bilkuran, Eibarko Udalbatzak onartu egin du udal-tasa eta zergen eguneratzea 2026ko ekitaldirako, PSE-EE eta EAJ/PNV alderdien aldeko botoekin. Horrela, 2025eko batezbesteko KPIaren pareko igoera, %2,5 ingurukoa aurreikusi dute. Elkarrekin Podemosek kontrako botoa eman du, eta Eibarko EH Bilduko ordezkariak abstenitu egin dira.

Hartutako erabakiaren inguruko azalpenak emateko prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Jon Iraola Eibarko alkateak, Vanesa Hortaz PSE-EEko bozeramaileak eta Alberto de la Hoz EAJ-PNVko bozeramaileak, bilkura amaitu eta jarraian. Esan dutenez, udal-tasak eta zergak eguneratzeko prozesua zerbitzu publikoen iraunkortasuna bermatzen duen akordio batekin amaitu da: “Akordioari esker, Udalak zerbitzu publikoen jasangarritasuna zaindu, eta udal-prestazioen kalitatea mantendu ahal izango du, karga fiskalak neurriz kanpoko igoerarik ekar ez dezan herritarrentzat”. 
Iraolak azpimarratu duenez, “krisiaren eraginez egoera ekonomikoa zaila zela-eta, azken urteotan ez da igoerarik aplikatu, baina jada udalaren finantza-egonkortasuna bermatzeko unea dela uste dugu, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu ahal izateko, enplegua bultzatuz eta gure herritarren premiei erantzunez. Une honetan bermatu behar dugu udaleko diru-sarrerak nahikoak direla gure zerbitzu eta inbertsioen mailari eusteko. Eguneratze hau neurrizkoa, orekatua eta beharrezkoa da”.
Alberto de la Hoz EAJ-PNVko bozeramaileen berbetan, “gure taldearentzat tasen igoerek bat etorri behar dute gainerako faktore ekonomikoekin, eibartarrak ez itotzeko eta ez kaltetzeko. Gobernu Taldeko kide izanik, negoziazioa arinagoa izan da. Aurtengo tasen igoera KPIk markatu du”.
Udal-tasa eta zergen igoera onartzearekin batera, ostalari eta merkatariek espazio publikoa okupatzeagatik ordaintzen dutena berrikusiko dutela aurreratu de De la Hozek, “gure asmoetako bat oinezkoei lehentasuna ematea da eta”. Proposamen berri batzuk dauzkatela gaineratu du bozeramaile jeltzaleak: “Eibarren bizi ez direnentzat TAOa ezartzeko eta Eibarren bizi direnentzat txartelak emateko aukera aztertuko dugu. Gainera, txakurrak edukitzeagatik udal-tasa sinbolikoa ezartzeko aukera aztertuko da. Tasa hori  hiri-altzariak garbitzeko eta konpontzeko baliatuko genduke. Eta kiroldegiko tasetan egin daitezkeen berrikuspenak ere aztertuko dira”. 
Bestalde, Vanesa Hortas PSE-EEko bozeramaileak azaldu duenez, igoera ez da udal-tasa eta zerga guztietan aplikatuko, hainbat salbuespen egongo dira eta: “Hainbat zerbitzu publiko igoera orokorretik kanpo geratuko dira, hala nola zinema komertzialaren prezioak, udal-merkatuak, ibilgailuen erretiratzea, hiri-garraioa, Udal Kirol Patronatua, tutoretzapeko etxebizitzak eta Armagintza Museoa, irisgarritasun ekonomikoari eta Eibarko errealitate sozialarekiko koherentziari eusteko”. 
Azkenik, prentsaurrekoan egon diren gobernu-taldeko ordezkariek berretsi egin dute gainerako udal-taldeekin hitz egiteko eta lankidetzan aritzeko prest daudela: “Erakundeen arteko lankidetza eta akordioak bilatzea dira Eibar kohesionatu, solidario eta etorkizuneko erronketarako prestatua eraikitzen jarraitzeko oinarria”.