24. Korrikak kolorez bete du gaurko egun grisa

Korrika egun osoa jai-giro ederrean ospatu dugu Eibarren.
2026/03/28 23:24
Silbia Hernandez Arrazola

Aurreikusitako ordua baino pixkat geroago, 21:30ak aldera sartu da 24. Korrika Eibarren, eta 3144-3166 kilometroen arteko ibilbidearen zatia gure herrian bete eta, lekukoa eskurik esku ibili eta gero, Ermurako bidean jarraitu du euskararen aldeko lasterketa erraldoiak. Horren aurretik, goizetik hasi da Korrikarako girotzeko antolatu duten egitaraua, euskararen aldeko aldarria auzoetatik erdiguneraino zabaltzeko. Ipuruako Merkatu Plazan hainbat tailer egin dituzte goizean, eta eguerdian Korrika Txikia ospatu dute Argatxan. Urki auzokoek ere Korrika Txikia egin dute eta, ondoren, herri-kirolak egingo dituzte ikastetxeko patioan. Auzoetatik kanpora, Untzaga izan behar zen Korrika Egunaren gune nagusia, baina euriaren eraginez, azkenean 300 lagun batu dituen herri-bazkaria Errebal Plazan egin da, baita ondorengo zunbatoia ere. Egun osoan zehar euri zaparradak botatzen aritu den arren, eibartarrek umorez erantzun diote euriari, eta jai-giro ederrean pasatu dugu Korrika Eguna.