26 laguneko taldeak hartu zuen parte Gorriti-Berastegi zeharkaldian
Klub Deportiboko mendi batzordeak antolatutako aurreko zapatuko azken irteeran bildutako taldeak Gorriti eta Berastegiren arteko zeharkaldia egin zuen. 26 laguneko taldea abaitu zen Nafarroako mugatik, Gorrititik, gainez gain Gipuzkoako Berastegi herriraino joateko. Zortea ere lagun izan zuten, euriak bueltan autobusean zetozela hasi baitzuen. Honela kontatu digute egindako ibilera:
“Gorritin, nafar-gipuzkoarren arteko gerra izan baitzen erdiaroan, iparraldeantz egin dugu. Ezker aldetik, ikuskizun bikaina, Araiz harana daramagu, Aralarreko mendikatea, Balerdik, Txindoki "babesten" duela. Eguraldi egonkorra, euri mehatxurik ez. Artegietako langa pasatu eta eskumara jo dugu Musaio tontor xumera iristeko. Bertatik Urkietako erpinera abiatu gara. Oraingoan bai, kukua kantuan entzun dugu, nahiz ez zebilen oso langile. Gailurreria harkaitsua baina lehor zegoenez, arazorik ez (865 m.). Hurrengo igoera Urdanzarrate izango da. Handik Pagota (Pagoeta, 854 m.) eta, jarraian Urkieta (865 m.) gaindu ditugu, eta, gure zeharkaldiko ezagunena, seguruenik: Ulizar (868 m.). Hirumugarrietarekin (852 m.) amaitu dira igoerak. Hamabigarren kilometroan Berastegirako jaitsiera markak (PRa) aurkitu ditugu. Bertan izan dugu amaiera, elizaren eta hilerriaren arteko aparkalekuan, 16 kilometro inguru ibili ondoren. Euria bazkaldu eta autobusean gentozela hasi zaigu gogor”.