28 mendizale izan ziren Arabako lurretara egindako irteeran

Ibilaldian bizitakoa kontatu digute mendizaleek
28 mendizale izan ziren Arabako lurretara egindako irteeran
2024/11/07 12:22
eta kitto!

Horrela kontatu dute urriaren 26ko zapatu horretan egindako ibilbidea, bertan izandako parte-hartzaile batek kontatuta: Deporreko 28 mendizalek Arabako lurretara jo genuen zeharkaldi ederra burutzeko asmoz. Euria lagun errime izan genuen arren, zapaldutako bideak, pasatutako ordeka, zuhaizti eta abarrek eguraldi txarra ia ahaztutzera eroan gintuzten. Agurain ondoko Egileor  herrixkatik irten eta GR25a zapalduz, errekasto bat zeharkatu eta mendisokara igo ginen. Gero, Alanguako mendatetik barrena, Iturrietako mendilerrora iritsi ginen. Hainbat tontor zeharkatu genituen: Larreder, Atari, Peña Redonda, Abadearen Harkaitza, Soila, Santa Elena non basoaren hertsiak zeharo harrapatu gintuen. Aurrerago, beste zenbait gain igaroz, hara nola Marabileta, beste antena bat eta Gereñuko portura heldu ginen. Dezente jaitsiak ginen baina, berriro behetik gora, azken gailurra geratzen zitzaigun Indiaganara jo genuen (1099 m. buzoian). Goitik beherakoan Azazetara doan errepidera jaitsi eta metro batzuk eginez Birgara Goien herrixkan ginen. 22 kilometrotik gora eta 1.200 metroko desnibela, baina aise burutzen zirenak bide eta xendek eskaintzen ziguten erraztasunagatik.