Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestuarekin bat egin du ...eta kitto!-k

Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestuarekin bat egin du ...eta kitto!-k
2020/08/31 09:35
eta kitto!


300 kazetari baino gehiagok manifestua aurkeztu diote Eusko Jaurlaritzari, sailburu eta arduradun euskaldunak izendatu ditzan eskatzeko. Euskal Herri osoko hainbat komunikabidetako kazetariek sinatu dute euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua, eta  aurreko astean aurkeztu zuten Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak eta Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. ...eta kitto!-ko hainbat kazetarik ere izenpetu dute manifestua.






Aurkezpenean adirazi zutenez, "ez dira aski" euskarazko adierazpen irakurriak, ezta "ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak" ere. Ildo horretatik, euskal kazetaritza profesionalari eta herritarrei euskaraz hitz egingo duen Eusko Jaurlaritza "zor" zaiela azaldu zuten. Manifestuan agertzen denez, "berdintasun defizit bat zuzentzea" da eskakizun horren helburua, eta bertan nabarmentzen da erakunde publikoek "erantzukizuna" dutela euskararen normalizazioan. Aldi berean, manifestuan azaltzen da "une historikoak" bizitzen ari dela gizartea eta "inoiz baino beharrezkoagoa" dela komunikabideetako profesionalen lana. Hori dela eta, funtzio hori betetzeko kazetariak "notiziaren sorburura" joan behar izaten duela agertzen da manifestuan, kazetariaren betebeharra dela galderak egitea, eta arduradun politikoen erantzukizuna dela galdera horiei bi hizkuntza ofizialetan erantzutea.

Berria egunkariaren atarian irakur daitezke manifestua eta sinatzaileen izenak.