31 urtez Elgetako alkate izan zen Patxi Basauri omenduko dute
Elgetako Uri Buru Batzarretik jakinarazi digutenez, urrian zendu zen Patxi Basauri Elgetako alkate ohiaren omenezko ekitaldi irekia antolatu dute hilaren 24rako (barixakua): “Omenaldia arratsaldeko 7etan hasiko da, udaletxeko lehenengo solairuko batzar aretoan. Elgetarrak bereziki eta inguruko bailaretako herritarrak oro har gonbidatu nahi ditugu bertara. Izan ere, jakina da Basaurik alkatetza garaian eta gerora ere gertuko herriekin izan zuen harreman estua. EAJ-PNVren ekimenez eta modu herrikoian prestatu dugun ekitaldiak herriko hainbat pertsona eta eragileren parte-hartzea ere edukiko du”.
Ekitaldia antolatzen dihardutenek adierazi dutenez, “helburua Patxi Basauriren figura gogora ekartzea eta alkatetzan eman zituen jarraikako hiru hamarkaden errepasoa egitea da, testigantzen, musikaren eta bideo baten bidez, besteak beste. Aspalditik eta kariño handiarekin lantzen ari garen ekitaldia da hau. Patxiren legatuari, hau da, bere agintaldian zehar herriari egin zizkion ekarpen handiei balioa emateko, zenbait anekdota kontatzeko eta emozio-momentuak partekatzeko aukera eskainiko duen egitaraua osatzea izan da jeltzaleon asmoa. Zentzu horretan, hau guztia posible egiteko bidelagun izan ditugun elgetarrei gure eskerrak ematea besterik ez dugu”. Ekitaldiaren ostean mokadutxo baterako tartea egongo da Ozkarbi elkartean.