365 Egun esaldia izango da Euskararen Eguneko protagonista nagusia Eibarren
Adimen artifiziala ere euskaraz
Euskararen Egunaren bueltan “Gaitu maratoia” izeneko ekintza ere antolatu da, eta eibartarrok, beraz, badugu erronka berri bat: “Adimen artifizialak euskaraz egin dezan milaka eredu behar ditu, hau da, euskaraz erakutsi behar diogu. GAITU proiektuaren bidez, Mozilla fundazioak martxan jarritako Common Voice ekimena elikatuko da. Horrela, euskarak testuinguru digitalean dagokion presentzia izango du, teknologia arloan duen erabilgarritasuna finkatuko du eta erabilera-eremuak handituko ditu”, adierazi digu Ane Albisu Akebaiko arduradunak.
Euskal Herri mailako kanpaina urrian abiatu zen eta herri askotan, baita Eibarren ere, hainbat maratoi antolatu dira Euskararen Egunaren inguruan. Eibartarron kasuan maratoi horretarako erronka izango da bi egunetan 12.500 esaldi grabatzea. Akebairen guardasolpean antolatutako ekimen honetan hainbat eragilek hartuko dute parte, baina herritarrak edozein momentutan hurbildu daitezke ondorengo leku eta ordutegian: Abenduaren 1ean, barixakua, Errebalen 18:00etatik 21:00etara, eta abenduaren 2an, zapatua, Untzagan (harmailen aldean) 11:00etatik 14:00etara. Edozein arrazoi dela-eta egun horietan parte hartzeko aukerarik ez duenak edota bere kabuz egitea nahiago duenak bideo honetan ikus ditzake jarraibideak: