41 mendizale izan ziren Adiko maldak igotzen aurreko zapatuko irteeran
Zapatuan, GR322 ibilbideari jarraituz, Urkiaga eta Zubiri herrien arteko bidea egin zuten Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak antolatutako irteeran, tartean 1.457 metroko Adi mendia ere zapalduz. Eta honela kontatu digu irteera hori bertan izan zen Antxon Narbaizak: eskertzen dugu bere kolaborazioa.
“Maiatzeko azken egunean, larunbatez, Deporreko 41 lagunek zeharkaldi erakargarria burutu genuen. Horretarako Nafarroako Urkiaga mendatera iritsi ginen autobusez. Bertatik eguneko zailtasunik handienari ekin genion Adiko malda soilak igo genituen. Gailurretik (1456 m.) izugarrizko ikuspegia gertatzen da, hego zein iparralde, mendebalde eta ekialderantz. Pirinioak, Oritik Bisauriraino, Laburdi zein Nafarroako Behereko Larrune eta Auza besteak beste. Hainbat eta hainbat mendilerro, Aralar eta Aizkorri, eta hurbileko Saioa besteak beste. Aditik jaistean aurki sartu ginen basoan. Beroa handia zen eta eskertzekoa zen zuhaitzen babesa. Zotalar (1248 m) eta Arzabal (1204 m.) tontorrak igaro ondoren, aldaz behera azkarrean Saigotseko herrixkara iritsi eta bertatik azkeneko metroak errepidean zehar egin genituen Zubirira heltzeko. 19-20 kilometro eta 900 metrotik gorako desnibela. Beste bi ibilbide laburragoak aukeran izan genituen mendizaleok”.