42 lagunek egin zuten Hartzaren Urratsak zeharkaldiaren bigarren etapa

Deporreko mendizaleen hurrengo txangoa otsailaren 21ean egingo da, sagardotegira
2026/01/28 09:33
Ekhi Belar Errasti

Hartzaren Urratsak izeneko zeharkaldia egiten dihardute aurten Eibarko Klub Deportiboko mendizaleek eta bigarren etapari ekin zioten joan den zapatuan, urtarrilak 24. Arrasatetik Leintz Gatzagara joan ziren txangora apuntatu ziren 42 lagunek eta bidean Atxorrotz igo zuten.

Esan digutenez, egun hotza izan zen, baina ibilbidearen 19 kilometroetan berotzeko aukera izan zuten. Gainera, eguzkia izan zuten lagun gero. “Ibilbidea erraza izan zen, Udalaitz edo Kurutzeberri ikuspegi panoramikoekin eta Urkuluko urtegiko ibilaldi politarekin”, kontatu digute Deporrekoek. “Atxorrrotz haitz handia Alaba eta Gipuzkoaren arteko muga naturala da, eta leku ezin hobea da Leniz bailara osoaren ikuspegi ikusgarriak ikusteko. Lenitz Gatzaga herri ederrean amaitu zen txangoa, eta bertan lagunarte onean bazkaldu ahal izan genuen indarrak berreskuratzeko”.

 

Otsailaren 21ean sagardotegira

Deporreko mendizaleek otsailaren 21ean egingo dute hurrengo irteera eta, urteroko ohiturari jarraituz, sagardotegira joango dira bazkaltzera, Egi-Luzera hain zuzen ere. Bazkaldu aurretik, ostera, 14 km-ko ibilbidea egingo dute Listorreta aparkalekuan hasi eta amaituta.

30 lagunentzako tokia egongo da eta izena emateko azkar ibiltzeko gomendioa egin dute Deporrekoek. Prezioa, autobusa eta bazkaria barne, 60 eurokoa izango da bazkideentzat eta 65 eurokoa bazkideak ez direnentzat.