47 milioi euro baino gehiagoko udal aurrekontua onartu du Udalbatzak gaur goizean
2023/03/22
19:28
eta kitto!
Gaur goizean udaletxean egindako Osoko Bilkuran eman zaio behin-behineko onespena 2023ko ekitaldirako 47.238.430 euroko udal aurrekontuari, PSE-EEren (9) aldeko botoekin eta Eibarko EAJ-PNVren (4) eta EH-Bilduren (5) abstentzioarekin; Elkarrekin Podemos Eibarrek (1), berriz, kontra bozkatu du. Ezohiko bilkura zuzenean eman du Udalak bere YouTube kanalaren bitartez eta bideoa Udalaren webgunean ikus daiteke.
Orain herritarrek 15 egun balioduneko epea izango dute aurrekontuari buruzko erreklamazioak aurkezteko, iragarkia GAOn (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala) argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik aurrera. Alkatetzaren memoriari, kapitulukako udal-aurrekontuari, diru-sarreren eta gastuen aurrekontuari eta diru-laguntza izendunei buruzko eranskinari buruzko dokumentuak eskuragarri daude jada udalaren webgunean, "Aurrekontua 2023" atalean.