53. Euskal Herriko Itzulia apirilaren 1etik 6ra

53. Euskal Herriko Itzulia apirilaren 1etik 6ra
2013/03/27 00:00
eta kitto!

Hasi eta amaitu, Elgoibarrek hartuko du Euskal Herriko Itzuliaren lehenengo etapa apirilaren 1ean. Martitzenean, berriz Elgoibartik abiatuta, Gasteizera joko dute lasterketan parte hartuko duten 21 taldeek. Eguaztenean, berriz, Gasteizetik Trapagaranera joango dira, mendian kokatutako lehen helmugaraino.
La Lejanako helmuga horrek hurrengo egunean, hilaren 4an, Arraten izango dena iragarriko du, azken hau ohiko ibilbidetik egingo dena. Barixakuan, bestalde, Eibarren hasiko da etapa eta Beasainen amaitu. Eta zapatuan, itzuliari amaiera emateko, 21 kilometroko erlojupekoa jokatuko da.
Apirilaren 4an Arraten
Gure herriak bi egunetan (apirilaren 4an helmuga Arraten eta 5ean irteera Untzagan) hartuko du lasterketa, honako ordutegiari jarraituz: egueneko etapak 151 kilometro eta erdi izango ditu, 13.25etan Trapagaranen hasita. Eibartik 15.20ak inguru pasatuko da lehen aldiz, Maltzagatik sartuta. San Juan kalean tarteko helmuga jokatuko dute eta Karabietara joango dira. Handik ordubetera, 16.15ak bueltan gurean izango dira berriro, oraingoan Otaola hiribidetik sartuta, Ixuara jotzeko. Eta azken sarrera, etaparen amaieraren bila, 17.00ak bueltan izango da, San Miguel gaina pasa ondoren, Maltzagatik gurera etortzeko. Beste tarteko helmuga bat jokatuko da San Juan kalean berriro eta Arratera igoko dira, han 17.15ak inguruan etapa amaitzeko.
Hurrengo eguneko etapak Beasainera eramango du tropela, Itzuliaren amaieraren bila. 166 kilometro izango ditu eta gure herritik 13.00an irtengo dute txirrindulariek. Irteera neutralizatua izango da eta benetakoari Azitainen emango zaio 13.05etan. Etapa horrek izango ditu hainbat berezitasun, tartean inoiz igo ez den Olaberriarako igoera bat, kilometro batean %21eko pendiza izango duena. Hala ere, erabakigarriagoak aurreikusten dira La Lejanan eta Arraten amaituko direnak, azkeneko erlojupekoarekin batera.
Guztira 840 kilometro inguru izango ditu Itzuliak eta, faborito guztiekin batera, Euskaltelek talde indartsua aurkeztuko du eta Alberto Contador ere gauza handiak egiteko prest dator, Tourra prestatze bidean egindako denboraldian. Berarekin batera, Valverdek, Samuelek, Puritok, Froomek eta enparauek ikuskizuna eskaintzeko aukera paregabea izango dute. Valenciaga Memorialaren bezperan!