53 haurrek hartu dute parte ikasturteko azken mendi irteeran

Ekainaren 7an Arraten egingo dute Finalista Egunarekin esango diote agur ikasturteari
53 haurrek hartu dute parte ikasturteko azken mendi irteeran
2026/05/13 11:19
Ekhi Belar Errasti

Ikasturteko zortzigarren eta azken mendi irteera egin zuten Eibarko haurrek joan den igandean, maiatzak 10. Maiatzaren 10ean ospatutako zortzigarren txangoak Arantzazu, Tellakaskueta eta Urbia lotu zituen, eta guztira 53 haurrek hartu zuten parte, hainbat gurasoren laguntzarekin batera.

Parte-hartzaileek 11 kilometro inguruko ibilbide zirkularra osatu zuten. Irteera Arantzazuko Santutegitik egin zuten, eta handik gora abiatu ziren Duruko txaboletatik igaroz. Ondoren, Tellakaskueta mendiko tontorra gainditu zuten, 1.179 metroko altueran, eta Urbiako zelaietara jaitsi ziren.

Belardi zabalak zeharkatu ostean, pagadi barruko bidexkek hartu zuten protagonismoa eta Arantzazura iritsi ziren. Eguraldia aldakorra izan zen egun osoan zehar, baina mendian ibiltzeko aproposa.

Txango honekin amaiera eman diote 2025-2026 ikasturteko ohiko mendi irteerei. Hala ere, azken hitzordua oraindik falta da: ekainaren 7an ospatuko den Eibarko Finalista Eguna. Jardunaldi hori Arraten egingo dute eta bertan emango diote amaiera ofiziala mendizale gazteen ikasturteari.