55 mendi-korrikalari inguruk hartu dute parte aurtengo Udazkentrailean
Klub Deportiboko Mendi Taldeak eta Kalamua Korrikalari Taldeak antolatutako Udazkentraila egin zen atzo, urriak 19. Antolatzaileen berbetan “arrakastatsua” izan zen, 55 lagun inguruk parte hartu zutelarik.
Hego-haizeak lagunduta, Urko ingurua prestatutako ibilbideari (14,6 km eta 835 metroko igoera metatua) ekin zioten mendi-korrikalariek eta lagun giroan egin zuten bidea.
Antolatzaileak zein parte-hartzaileak pozik geratu ziren aurtengo Udazkentrailarekin, antolatzaileek esan digutenez. “Alde batetik, ibilbide berriak ezagutzeko aukera izan zutelako; eta bestetik, askorentzat mendian korrika egiten zuten lehen esperientzia izanik, asko eskertzen dute taldean joatea eta denak elkartzeko ibilbidean zehar geldialdiak egitea”, dioskue.
Gauzak horrela, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete parte hartzera animatu ziren guztiei eta hurrengo trail irteerara gonbidatu nahi dituzte, Gabontrailera. Gabontraila, abenduak 24ean, goizeko 08:30ean egingo da eta, ohiturari jarraituz, Kalamuara igoko dira, ondoren Parlamentuan kabarekin eta turroiarekin ospatzeko.