56 laguneko taldea izan zen Deporreko Haurren Mendi Irteeren bigarren txangoan

56 laguneko taldea izan zen Deporreko Haurren Mendi Irteeren bigarren txangoan
2023/11/21 10:31
eta kitto!
Aurreko zapatuan 56 haurrek parte hartu zuten Haurren Mendi Irteeren egitarauaren barruan antolatutako denboraldiko bigarren txangoan. Taldeak 10 kilometroko ibilbidea burutu zuen, Lizarrustiko parketxetik abiatu eta Ataungo Aia auzoan amaitzeko; ibilaldian zehar Sarastarriko koba ikusgarria bisitatzeko aukera izan zuten, haurren gozamenerako: “Oso ondo ibili ziren Aralar inguruetan. Paraje zoragarri eta eguraldi paregabea egokitu zitzaigun gainera”.

Irteera horiek hilean behin antolatzen dira. Gipuzkoako Mendizale Federazioaren “Eskola Mendi” programaren baitan kokatutakoak, Eibarko Klub Deportiboak  ikastetxeekin elkarlanean antolatzen dituzte. Eskaintza hori doakoa da eta haurren artean mendizaletasuna sustatzea du helburu. Irteerak haurren erritmo eta gaitasunei egokitutako ibilaldiak izaten dira, “ez lehiakorrak, eta dibertigarriak lagun berriak egiteko”. Programa horretako lehenengo irteera urrian 15ean izan zen; egun horretan Gipuzkoako Eskolarteko Finalistaren Eguna egin zen Ordizian. Abenduaren 17an izango da hirugarren txangoa: Oriotik Zumaiara.