62 bolarik hartu zuten parte Arrateko Amaren sari nagusian

62 bolarik hartu zuten parte Arrateko Amaren sari nagusian
2023/09/12 11:15
eta kitto!
Arrate egunean bertako bolatokian jokatutako tiraldian “adin guztietako bolariek hartu zuten parte”. Denetara 62 bolari izan ziren lehian eta lehenengo hiru postuak parrekotan erabaki ziren, hau da, euren arteko berdinketa apurtzeko tiraldietan. Azkenean, Lander Odiaga markina-xemeindarra izan zen irabazlea, Elorrioko Xabier Solozabal bigarren sailkatu zen eta Leire Egaña elgoibartarra hirugarren, hirurak ere aurretik zortzi txirlorekin berdindu eta gero. Eibarko bolari onena Pablo Davila izan zen, zazpi txirlorekin.

Bestalde, bolarien hurrengo topaketa Bizkaiko Txapelketako finalean izango da. Zapatuan Aulestiko Santa Eufemi auzoko bolatokian jokatuko den tiraldi hori arratsaldeko 16:30ean hasiko da eta bertan izango dira Asola Berriko Bittor Astigarraga eta Sergio Rodriguez; une honetan eurak dira lehen bi postuetan sailkatuta daudenak.