65 urtetik gorakoentzat musika-ikastaroak jarriko ditu martxan Eibarko Udalak
Nagusiei zuzendutako ekimen berria, musika-ikastaro bereziak 65 urtetik gorakoentzat martxan ipiniko dituela iragarri du Eibarko Udalak. Matrikula-epea irailaren 1etik 20ra arte egongo da zabalik, Portaleko 4. solairuan. Astean bi txanda egongo dira aukeran: martitzenetan, 19:00etatik 20:00etara; eta eguenetan, 15:30etik 16:30era. Ikastaroak urriaren 1ean hasiko dira.
Udaletik esan dutenez, “ikastaro hauek aukera emango diete pertsona nagusiei berriz ere musikarako plazera sentitzeko eta ongizate fisiko nahiz emozionala indartzeko”. Hainbat helbururekin abiatuko dute ekimena: “Nagusienetako bat tresna musikal desberdinen erabilera aurkitzea edo gogoratzea, eta ahotsaren posibilitateak aztertzea da. Musikarekiko interakzio horrek, oroitzapenak pizteaz gain, burua eta espiritua ere suspertzen ditu, eta esperientzia gogobetegarria eskaintzen du. Gainera, musika bitarteko bat bihur daiteke aktibo eta konprometitu sentitzeko. Parte-hartzaileek talde-kohesioa eta harreman pertsonalak landuko dituzte, eta, hala, komunitate-sentimendua eta elkarrekiko babesa sustatuko da. Doinu eta ariketa erritmikoen bidez, disfrutatzeaz harago dauden gaitasunak entrenatuko dira; horrek guztiak isolamendua prebenitzeko ere balioko du, eta baita aldartea eta autoestimua hobetzeko ere”.
Aipatutako horiekin batera, funtzio fisiko eta intelektualak indartuko direla nabarmendu dute: “Hainbat arlo landuko dira bereziki, hala nola arreta, memoria, sormena, hunkiberatasuna, hizkuntza eta sentimenduen adierazpena. Horrek guztiak mugimenduen funtzioak hobetu ez ezik arazo fisikoak eta ahozko arazoak ere arintzen lagun dezake. Mugikortasuna hobetzen ere lagunduko du, eta hori funtsezkoa da independentzia eta bizi-kalitatea izateko. Baina, agian, garrantzitsuena hauxe da: ikastaro hauek pentsatuta daudela parte-hartzaileek barre egin eta ondo pasa dezaten, alaitasunerako eta satisfakzio pertsonalerako uneak sortuz”.