76. Deba Arroko Pilota Txapelketaren finalak hartuko ditu Astelenak domekan
Domeka goizean, 11:00etan hasiko den jaialdian, erabakiko da Deba Arroko Pilota Txapelketaren 76. edizioko azken emaitza. Aurten Eibarko Klub Deportiboari egokitu zaizkion antolatze lanak modu horretan goia joko dute jokoan izango diren hiru finalekin.
Soraluce enpresak babesten duen torneoan Deba Arroko zortzi pilota klubetako pilotariek hartu dute parte eta, behin ligaxkak amaituta, honakoak heldu dira final horietara, tartean gure herriko bi bikoteekin: kadeteetan, Deporreko Aleix del Reyk eta Xuban Varonak osatutako bikoteak Oñatikoa izango du aurkari; jubeniletan, Aretxabaletako eta Bergarako bikoteak jardungo dute, nor baino nor; eta seniorretan iazko bikoteak izango dira berriro ere txapelaren bila, Deporreko Ibarra eta Conde eta Soraluzeko Atxotegi eta Balerdi, hain zuzen. Jaialdiaren amaieran, pilotari eta ordezkariek bazkaria izango dute Depor tabernan.