Bonbek Eibar suntsitu zutela 83 urte bete dira

Bonbek Eibar suntsitu zutela 83 urte bete dira
2020/04/23 23:31
eta kitto!
Gaur 83 urte bete dira Eibar bonbardatu eta ia guztiz suntsitu zutela. Aurretik zazpi hilabetez egon zen gerrako frontea Eibarren. Gipuzkoa osoa falangisten eta reketeen esku zegoen arren, ez zuten lortu Eibar-Elgeta menperatzea eta hori izan zen miliziano eta gudarien erresistentzia puntua, 1937ko apirilaren 24-25 bitartean, kainoiek eta hegazkinek lagunduta, herri biak hartu eta txikitu zituzten arte.
Ferdinando Raffaelli Aviazione Legionariako koronelaren eta Igino Mencarelli 24. eskuadrako buruaren agindupean Soriatik irten ziren Romeo RO-37 bis eta Savoia 79 hegazkinek Eibarko historia aldatuko zuten. Italiako ‘Gezi Beltzek’, Espainiako matxinatuen eskutik, herria goitik behera suntsitu zuten. Sei urte lehenago II. Errepublika aldarrikatu zen tokira infernua ekarri zuten, egun bat geroago, apirilaren 26an, Mola jeneralaren tropek Eibar mendean hartzeko.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x300
Prentsak ‘Hiri martiria’ deitu zion Eibarri 1937ko bonbardaketen ostean. San Andres parrokia eta eraikin gutxi batzuk geratu ziren bakarrik zutik. Bideo honetako irudiek gure herriak bizi izan zuen hondamendia argi erakusten dute:

https://youtu.be/c8QRbck5IsE
Atzera begiratuz gero, historiak zer pentsatu ematen digu. Izan ere, azken asteotan bizi dugun egoera larriarekin asko kejatu arren, hau baino sasoi ilunagoa ezagutu zuten gure arbasoek eta, hala ere, aurrera egiten jakin zuten.