Abadiñoko Eñaut Uruburuk irabazi du San Andres bertso-paper lehiaketa
…eta kitto! Euskara Elkarteko bertso-taldeko epaimahaiak eman ditu ezagutzera aurtengo San Andres bertso-paper lehiaketako irabazleak. 16 urtetik gorakoen mailan 13 lan jaso dira guztira eta lehenengo bi sariak Eibartik kanpora joan dira. Irabazlea, bigarren urtez, Abadiñoko Eñaut Uruburu izan da (300 euro eta txapela) eta bigarrena, berriz, Irungo Manu Goiogana (250 euro eta plaka). 16 urtetik beherakoen artean 63 lan jaso dira. Irabazlea Juan Antonio Mogel ikastetxeko June Eguren izan da (txapela eta liburua) eta bigarrena, ikastetxe bereko Iker Arginzoniz (plaka eta liburua). Irabazleek azaroaren 25ean Portaleko areto nagusian egingo den San Andres Bertso Jaialdian jasoko dituzte sariak, arratsaldeko 18.30etan. Sari banaketa amaitu eta gero hasiko den jaialdiak badu aurten berritasunik: bertso-saio musikatua izango da. Arkaitz Estiballes, Beñat Gaztelumendi, Uxue Alberdi eta Alaia Martinek jardungo dute bertsotan Ixak Arruti (gitarra) eta Eneko Sierrak (saxoa) lagunduta. Gai-jartzaile lanetan Iker Iriartek jardungo du. Sarrerak salgai daude 5 eurotan Sagar-Bitza, Kultu eta Depor tabernetan.