Abenduaren 12an iruzurrei buruzko doako hitzaldia emango du Eibarko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak

Herritar guztientzat zabalik izango da hitzaldia, 18:00etan Portaleko areto nagusian.
Abenduaren 12an iruzurrei buruzko doako hitzaldia emango du Eibarko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak
2024/12/04 16:52
eta kitto!

Eibarko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) antolatutako saioan, herritar askori eragiten dieten iruzur ezberdinei buruzko informazioa emango dute eta, horrekin batera, horrelako egoerak saihesteko zer egin, eta iruzurren baten biktima izanez gero nora jo ere azalduko dute.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, hauek dira jorratuko diren gaiak, besteak beste: argindarraren eta gasaren iruzurrezko kontratuak, zeinetan enpresa energetikoek —telefonoz harremanetan jarrita, eta larrialdiko egoerak edo informazio faltsua erabilita— erabiltzaileak behartzen dituzten zerbitzu berriak kontratatzera; atez ateko kontratuak, zeinetan komertzialek etxeak bisitatzen dituzten opariak eskainiz aitzakia gisa, jendeak kontratuak sinatu ditzan, nahi ez dituen epeekin; eta phising-iruzurrak, alegia, testu-mezu iruzurtiak, zeinetan banketxekok direlako itxurak eginez, datu pertsonalak eta banketxeko dirua eskuratu nahi diren.
KIUBeko teknikariak nabarmendu duenez, “gai hauek oso garrantzitsuak dira, eta herritar askori eragiten diote”. Bulegoan artatzen dituzten kasuen artean, ohikoenak energia-kontratuen telefono bidezko iruzurrak eta phisinga dira, “eta bi kasuak prebenitu eta konpondu daitezke”. Hitzaldiak ordubeteko edo ordu eta erdiko iraupena izango du, eta amaieran zalantzak argitzeko galderak egin ahalko ditu jendeak.