Abenduaren 20an banatuko dituzte Eibarren 2024ko egutegiak "Gipuzkoa Kirolzale" lelopean

Abenduaren 20an banatuko dituzte Eibarren 2024ko egutegiak "Gipuzkoa Kirolzale" lelopean
2023/12/14 eta kitto!
Eider Mendoza, Foru Aldundiko diputatu nagusiak eta Irune Berasaluze, Aldundiko bozeramaile eta Gobernantzako diputatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024ko egutegia banatzeko kanpaina aurkeztu zuten atzo. Donostian. Aurtengo berrikuntza gisa, Mendozak adierazi duenez, «herritarren eskaerari erantzunez, egutegia lurralde osoan banatuko dugu. Horretarako, kanpaina hau jarri dugu abian, Gipuzkoako eskualde guztietan barrena egutegiaren 40.000 ale banatzeko». Opari itxura duen edukiontzi erraldoi batek Gipuzkoako hamaika udalerritan barrena bidaiatuko du atzo hasita eta abenduaren 23ra bitartean. Eibarren abenduaren 20an egongo dira, 18:00etan, Untzaga plazan.

Egutegiak Aldundiak asmo honetarako urtero antolatutako eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak hautatutako lehiaketako 13 argazki onenak biltzen ditu. «‹Gipuzkoa Kirolzale› lelopean, edizio honetan pertsona, klub, federazio eta taldeek kirol jarduera eta ariketa fisikoa bermatzeko egiten duten lana ikusgarri egin nahi izan dugu, bi jarduera horiek ezinbestekoak baitira pertsonen ongizaterako eta gure bizi eta emozio oreka bermatzeko», azaldu zuen Mendozak.