Abentura eta dibertsiozko bidaiak

Ainhoa Ugarte eta Maider Otaola bidaiari eibartarrek Nakama Travel Makers proiektua jarri dute martxan
2025/06/13 09:38
eta kitto!

Txiki-txikitatik ezagutzen dute elkar Maider Otaola Lopez eta Ainhoa Ugarte Zuloagak eta, demaseko adiskidetasunaz gain, pasio berak elkartzen ditu: bidaiatzea. Munduko hainbat tokitan egon dira elkarrekin eta, orain, euren zaletasuna beste bidaiari batzuekin partekatu nahi dute. Gainera, eurentzat oso berezia den toki batean hasiko dute abentura: Panaman.

 

Lagunak baino familia dira Maider eta Ainhoa, “familia aukeratua”, eta, hain zuzen ere, hortik doa jatorri japoniarra duen Nakama hitzaren esanahia. Harreman estu horrek elkarrekin bidaiatzera eraman ditu hainbat alditan, eta euren bizitzan mugarria izan zen bidaia ere elkarrekin egin zuten. “Pandemiaren ondoren, 2021eko uztailean, motxila hartu eta Erdialdeko Amerikara joan ginen elkarrekin. Urtebeteko bidaia egin nahi genuen eta Panamatik Mexikora autobusean joan ginen. Panaman 2-3 hilabete pasa genituen eta herrialdeak modu berezia lotu gintuen, behin baino gehiagotan itzuliz”, azaldu digu Maiderrek. “Bidaia hartan etxea ere izan zen guretzat”, zehazten du Ainhoak.

Herrialdearekin eta bertako bizilagunekin harreman berezia sortu zuen bikoteak, eta Maider denbora batez bizi izan da bertan. “Sorpresa eraman genuen Panamarekin. Han hasi genuen bidaia, beste herrialdeetan sartzea zailagoa zelako pandemiagatik, baina ez genekien gauza asko herrialdeari buruz. Demaseko sorpresa izan zen. Costa Rica moduko herrialdea da, baina ez du horrenbeste jendek ezagutzen eta denetik dauka: Karibe itsasoa eta Ozeano Barea, barnealdea oso polita da, gastronomia izugarria dauka… Bat-bateko maitemina sentitu genuen”, diosku Ainhoak.

Lehen helmuga: Panama

Nakama proiektuarekin, elkarrekin bidaiatzen jarraitzeaz gain, euren esperientzia eta bidaiatzeko pasioa beste batzuekin partekatu nahi du bikoteak. Horregatik, Nakamarekin lehen bidaia egiteko argi zuten nora joan: Panamara. Lehen bidaia uztailaren 28tik abuztuaren 10era egingo dute. Data horretarako taldea osatu dute, baina oraindik badago izena emateko epea (nakamatravelmakers.com helbidean eman daiteke izena edo WhatsAppez 662 11 74 36 zenbakira mezua bidaliz). Eta ez hori bakarrik, abuztuaren 14tik 27ra bidaia bera egiteko beste talde bat sortzen ari baitira, baina oraindik ez dute taldea osatu. Beraz, hor ere eman daiteke izena.

Bidaiariek euren kabuz bidaiatu beharko dute Panama Hirira (Ainhoa eta Maiderren aholkuek lagunduta), eta bertan elkartuko dira beste bidaiariekin eta eurekin, abenturari hasiera emateko. “Panamako hiru puntu ezagutuko ditugu: Karibe ingurua, Ozeano Bareko kostaldea eta Panama Hiria”, aurreratu digu Maiderrek.

Panama Hirian herrialdearen historia ezagutuko dute. “Oso historia zirraragarria du”, Ainhoaren ustez. Gainera, Panamako Kanala nabigatuko dute. Handik Karibera joko dute. “Karibe inguruak oso historia potentea du, bai kultura, bai musika aldetik. Kongo kultura dago han eta kultura horretan murgilduko gara. Gainera, bertako gida batekin oihan sakonean ibiliko gara eta gaua pasatuko dugu bertan. Sorpresak ere egongo dira, baina ezin ditugu aurreratu”, Maiderren berbetan.

Karibetik beste kostaldera abiatuko dira, Ozeano Barera, eta uretako ekintzak egingo dituzte bertan: surfa, urpekaritza eta kayak. “Gainera, sasoi horretan euria egiten badu ere, aproposa da baleak ikusteko. Demaseko esperientzia da baleak itsasontzitik edo hondartzatik ikustea, eta urpekaritza egiten ere entzun daitezke!”, diosku bikoteak. Eta, amaitzeko, Panama Hirira itzuliko dira azken  eguna pasatzera. “Abentura-bidaia izango da, ez da erosoa izango, ez da atsedena hartzeko bidaia, ez gara bost izarretako hoteletara joango, euria egingo digu, baina oihanean egingo dugu lo, hango kultura bertatik bertara ezagutuko dugu, ekintza dibertigarriak egingo ditugu… Hau da, abenturari plus bat ematen dioten ekintzak egingo ditugunez, agian ez da erosoa izango, baina dena antolatuta edukiko dugu eta bidaiariak lasai joan daitezke gurekin”, azaldu digu bikoteak.

 

Esperientziak bizitzea

Nakama ez da ohiko bidaia-agentzia, Ainhoa eta Maider esperientzia diseinatzaileak dira. “Ohiko ibilbideetatik irteten gara. Bidaia-liburuetan aurkitzen diren puntuak ezagutzen ditugu, baina gure ibilbideetako puntuak, bisitatzen ditugun tokiak edo egiten ditugun ekintzak benetan gure gustokoak dira. Hainbeste bidaiatu eta gero, toki sekretu edota berezietara joatea proposatzen dugu”, diosku Maiderrek.

Nakamak bidaiatzeko bi aukera eskaintzen ditu: taldeko bidaiak eta neurrira egindako bidaiak. “Lehenengo aukerarekin, lagunekin bidaiatzea bezala izatea nahi dugu. Asko gustatzen zaigu laguntasuna transmititzea, nola bidaiatzen dugun ikustea, toki bereziak nola aurkitzen ditugun, nola saiatzen garen tokian tokiko jendearekin ahalik eta traturik handiena edukitzen… Azkenean bidaia jendeak egiten du, bai bidaiatuko duen taldeak, bai herrialdeko bizilagunek. Eurek egiten dute esperientzia aberasgarriagoa izatea”, diosku Ainhoak.

Bikoteak dioen bezala, taldeko bidaia hauek esperientzia berriak bizitzeko helburua duten lagunentzat, abenturazaleentzat, sorpresak gustoko dituztenentzat eta pertsona aktiboentzat dira. “Guretzat ezinbestekoa da bidaia dibertigarria izatea”, azpimarratzen du Maiderrek. “Tokiak ezagutzea bai, baina kontua da etxera itzultzean lagunekin bizi izan dituzun istorioak eta bidaietan beti pasatzen diren momentu bereziak eramatea”.

Abentura berba ere azpimarratzen du bikoteak. “Goazen tokira goazela, abenturak bizi nahi ditugu. Adibidez, itsasoa beti egongo da gure bidaietan”, Maiderren berbetan. “Turismoa egitea baino, esperientziak bizitzea da kontua, ohiko bidaietan aurkituko ez dituzun gauza horiek egitea”, zehazten du Ainhoak. “Ez da behar aurre ezagutzarik edo horrelakorik; gogoa besterik ez!”.

Panamako bidaia Nakamaren hasiera besterik ez da izango eta bidaia asko egiteko gogoz dago bikotea. Horrela, eta mundua ondo ezagutzen dutela jakinik, badituzte buruan beste helmuga batzuk, eta Panamakoa pasa ondoren ez da harritzekoa izango abentura berrien inguruko albisteak ematea. “Urtebetez bidaiatzen ibili ginen hartan herrialde gehiago ezagutu genituen eta badugu buruan horietakoren batera bidaia antolatzea. Ez dugu esango nora, baina bi pista emango ditugu: gure bidaietan beti egongo dira urpekaritza eta dantza. Panama inguruan dagoen herrialde batera joateko asmoa dugu, ea Gabonetan egin dezakegun, sasoi polita da-eta”, aurreratu digu Ainhoak. Euren eskutik munduan dantzan ibili zaitezkete lasai askoan. Eta bestela, bidaiatzeko gogoa baduzue, baina ez badakizue nondik hasi, zuen gogoen berri eurei eman eta bidaia neurrira antolatuko dizuete.